Ondar etnografikoa ikertzeko eta zabaltzeko Galbahe beka abian da
San Telmo eta Igartubeiti museoek lankidetzan sortu dute. Sei hilabeteko iraupena izango du, ekaina eta azaroa bitartean.

Ondare etnografikoa ikertu eta zabaltzeko xedez, Galbahe ikerketa eta dibulgazio beka sortu dute San Telmo museoak eta Igartubeiti Baserri museoak elkarlanean, Gordailuaren (Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa) aholkularitzarekin. Ikerketa lana erakundeen bilduma etnografikoetan oinarrituko da euskal landa-gizartea aztertzeko diziplina arteko irakurketa berria edo elkarrizketa proposatzeko.
Sei hilabeteko iraupena izango du, ekaina eta azaroa bitartean garatuko da. Bekaren zenbateko osoa 6.000 eurokoa da, bidaia, ostatu, ikerketa material, mantenu eta ekoizpen gastuak barne hartuz.
Deialdiak ondare etnografikoari buruzko dibulgazio proiektuak garatzen lagundu nahi du, euskal kulturaren aztarna materialak berrinterpretatzeko, begirada eta diskurtso berriak sortzeko eta ondarea gizarteratzeko.
Parte hartzeko baldintzak honakoak dira:
- Gipuzkoan erroldatuta egotea eta adinez nagusi izatea.
- Gizarte Zientzia eta Humanitateetako unibertsitate ikasketak dituzten norbanako edo lantaldea izatea.
- Ikerketa egiteko formatua irekia da: argitalpena, erakusketa, topaketak, eztabaidak…
- Proiektua euskaraz egingo da eta, nahi izanez gero, gaztelaniara ere itzuliko da.
- Egiten diren lanek originalak eta argitaragabeak izan beharko dute.
- Bi museoetako bilduma etnografikoetan oinarritu beharko da.
Interesa dutenek apirilaren 25era arte dute eskatutako dokumentazioa bidaltzeko igartubeiti@gipuzkoa.eus e-posta helbidera. Bekaren ebazpena, berriz, maiatzaren 16tik aurrera jakinaraziko dute. Ikusi oinarriak hemen.