Odon Elorzak San Bartolomeko merkataritza zentroaren kontrako plataforma aurkeztu du
Donostiako alkate ohiak webgune bat sortu du, eta plataformarekin bat egiteko eskatu die herritarrei.

San Bartolomeko plataforma herritarra aurkeztu du Odon Elorza alkate ohi sozialistak. Horretarako, webgune bat sortu du, eta gehiena gaztelaniaz hutsean badago ere, euskarazko esaldi hau irakur daiteke: “Donostiako San Bartolome mendi hegal berdean merkataritza gunea eta aparkalekua eraikitzearen aurka gaude. Espazio hori Cortazar zabalguneko hiri parke berezi gisa berreskuratzea defendatzen dugu”.
Donostiarrei zuzenduriko mezu bat ere irakur daiteke plataformaren atarian, Elorzak berak hirugarren pertsonan idatzitakoa: “Borroka zibiko hori egiteko, asko izan behar gara. Uste dugu ez diotela erantzuten interes orokorrari, eta ez dutela horiek justifikatzen dituen azterketarik. Eragiketak hirigintzaren kontzepzio espekulatiboari erantzuten dio”.
“Udalak ez du merkataritza gune horren beharrik Amaran”, adierazi du alkate ohiak, eta alkatetzan egindako azken salaketa gogora ekarri du: “Inbertsio funts bati emandako obra handietarako lizentzia ez da legezkoa. 2015ean aldatu zuten hirigintza plana merkataritza gune bat jartzeko, eta ez du betetzen Eusko Jaurlaritzaren 2012ko Dekretua, aipatutako auzoaren eremurako espazio libreen eta berdeguneen gutxieneko tokiko zuzkidurak zenbatzeari buruzkoa. Irregulartasun horrek donostiar herritarren inplikazioa bilatzera bultzatzen gaitu”.
Hiri parkea eta errekurtsoa
Elorzak 2024ko ekainean San Bartolomeko mendi hegalean hiri parke bat jartzeko proposamena aurkeztu zuen. “Mendi magala berdegune eta lorategidun gune gisa mantendu behar da, eta Zabalgune Erromantikoan integratzeko, ez zen urbanizazio elementurik ez nortasuna nahasten zuen eraikuntzarik behar. Merkataritza zentroak ez du hori guztia errespetatzen”, adierazi zuen orduan alkate ohiak. Plataformaren webgunean jaso ditu proposamenaren xehetasunak.
2024ko irailean, berriz, San Bartolomeko lanen inguruko “gardentasuna” eskatzeko, agerraldia egin zuen Elorzak Jorge Letamendia Hirigintza zinegotzi ohiarekin batera. Aldiz, pasa den astean, Elkarrekin Donostiarekin elkartu ziren biak udaletxeko prentsa aretoan, San Bartolomeko proiektuaren aurka aurkeztuko duten errekurtsoaren berri emateko.
“Aurkeztu nahiko genukeen errekurtsoa eta haren arrakasta aukerak indartzeko argudio juridikoak aztertu ondoren, egun gutxi barru bilera baten esparruan hurrengo urratsa gardentasunez jakinarazi ahal izango dugulakoan gaude”, iragarri du alkate ohiak.