Hariari tiraka, afizioa ofizio bihurtu du
Luthierrak harizko musika tresnak sortzen eta konpontzen ditu. Bi ezaugarri horiek betetzen ditu Sergio Callejo Mijangosek (Antigua, 1976). Dena dela, berak dio hari pultsatuko instrumentuen luthierra dela. Batez ere, gitarra akustiko, elektriko zein apalak konpondu eta sortzen ditu. Musikari izatetik luthier izatera pasatu zen duela hogei urte, eta Antiguako lantegi propioa egonkortu zuenetik, haren ofizioa eta bizibidea da.

Antiguako Tolosa hiribideko 79. zenbakiaren atarian du SC Guitarras izeneko lantegia eta lantokia. Goizak eta arratsaldeak han pasatzen ditu, baina aurretiazko hitzordu bidez hartzen ditu bezeroak. Sergio Callejo Mijangos da Donostiako luthier bakarra, besterik ez bada. «Nik ez dut besterik ezagutzen, eta hona etortzen diren musikariek eta bezeroek ezta ere», adierazi du Callejok. Musikari gisa hainbat urtez aritu ondoren, musikarientzat lan egitea erabaki zuen. Ordutik, luthierra da, baina berak dioen moduan, soilik hari pultsatuko instrumentuena. Izan ere, konponketak egiten denbora askoz ere gehiago pasatzen du gitarra propioak sortzen baino.
Txikia da lantegia, eta metro koadro bakoitzari probetxua atera dio Callejok. Bi solairu ditu, etxe baten behealdean kokatua badago ere. Konponduta dauden eta konpontzen ari den gitarrak ditu beheko solairuan, eta baita ere konponduriko instrumentuak probatzeko txoko intsonorizatu bat. Goiko solairuan, berriz, aroztegia eta gitarrak sortzeko luthierraren gunea dauka.
Harreran daude Callejok berak sorturiko bi gitarra; bata akustikoa eta bestea elektrikoa. Biek dute SC marka, eta akustikoari esker oihartzuna lortu zuen San Sebastian bezperan. Hau da, Miguel Lopez arotzarekin batera sorturiko Gitarra donostiarra-rekin —2.600 euroan du salgai—. «Sareak asko erabiltzen ez ditudan arren, gitarra horrekin grabatu genuen bideo bat birala egin zen. Javier Juanco Musikeneko irakasleari eskatu nion San Sebastian martxa jotzeko gitarrarekin, eta bideoa sareetara igo nuen. Ez nuen uste horrenbeste ikustaldi izango zituenik», azaldu du Callejok. Aipaturiko gitarra hori elkartzeko arrazoietako bat izan den arren, Antiguako luthierraren ibilbide interesgarria ezin da horretara mugatu.

Sergio Callejok lantegiko harreran ditu sorturiko ‘Gitarra donostiarra’ akustikoa eta beste gitarra elektriko bat.Joseba Parron San Sebastian
Zoriona
Institutu garaian kokatu du Callejok gitarrarekin izan zuen aurreneko esperientzia: «Gogoan dut uda zela, eta lagunak hondartzan elkartu ginela. Aspertuta geundenez, talde bat sortzea okurritu zitzaigun. Orduan, musika tresnak zozkatzea erabaki genuen, eta niri gitarra egokitu zitzaidan». Beraz, zozketa bat izan zen abiapuntua. «Zorioneko zozketa hari esker hasi nintzen gitarra jotzen. Jendeak pentsa dezake nire bokazioa izan zela, baina ez, ustekabekoa izan zen. Istripu bat izan zela esan ohi dut, nire bizitzan halako gertaera ugari izan ditudalako», azaldu du Callejok.
Gitarrak «zeharo harrapatu» zuen, eta klaseak hartzen hasi zen. «16 urterekin hasi nintzen lanean, eta 18 urterekin jarri nintzen buru-belarri gitarra jotzera. Serioago hartzea erabaki nuenez, lana utzi, kreditu bat eskatu eta Bartzelonara joan nintzen Taller de Musics zentroan gitarra ikasketak egitera», gogoratu du. Han bi urte eman zituen Riqui Sabates maisuarekin. Dena dela, Donostian Musikene goi mailako musika ikastegia ireki behar zutela jakitean, sartzeko proba egin eta aukeratu zuten. Jazz gitarraren goi mailako graduko ikasketak egin zituen.
Garai hartan, gerora erabakigarria izango zen Diu luthierra ezagutu zuen Bartzelonan. «Taller de Musics zentrotik gertu zuen lantegia, eta tarteka hara joaten nintzen nire gitarrak konpontzera, eta, batez ere, galderak egitera. Betidanik gustatu izan zait eskuekin gauzak konpontzea eta sortzea», aitortu du. Han ikasitakoa Musikenen ikasketak egiten ari zela hasi zen praktikatzen: «Lehendabizi, nire gitarrekin hasi nintzen, eta, ondoren, nire lagunenekin. Konponketekin gustura zeudenez, nire lagunek haien lagunei esan zien, eta gitarra gehiago iritsi ziren nire eskuetara. Are gehiago, Musikeneko irakasleen gitarrak ere konpontzen hasi nintzen».
Musikari izatetik, luthier izatera
Callejok argi zuen musikaria eta gitarrista izan nahi zuela. Gitarra klaseak ematen hasi zen, eta musika talde batzuekin bidea egiten saiatu zen. Esaterako, Losdelgas taldearekin. Musika haren ofizio bihurtzea izan zuen buruan, eta, orduan, luthier izatea afizio hutsa zen. Ordea, 2008. urteko krisiak dena hankaz gora jarri zuela deitoratu du Callejok: «Losdelgas taldearekin garai zoragarri bat bizi ahal izan nuen. Kontzertu asko eman genituen eta oso dibertigarria izan zen. 2008an okertu ziren gauzak. Kontratazioak nabarmen jaitsi eta aretoetan jotzeko alokairuak kobratzen hasi ziren. Jo ahal izateko ordaindu behar zela ikustean, mundu horretatik aldendu nintzen».
Ordurako, luthier gisa esperientzia pixka bat zuenez, afizioa ofizio bihurtzeko urratsak egin zituen. «Etxean lantegi txiki bat muntatu nuen, eta gutxira Egiako Tejeria kaleko Music Leader dendarentzat gitarren konponketak eta doiketak egiten hasi nintzen. Astean bost edo sei egiten nituen. Javier Otxoak, dendako arduradunak, nigan sinetsi zuen eta berak eman zidan lehen aukera. Asko zor diot hari, eta oso presente daukat. Batez ere, ezustean hil zelako, bihotzekoak jota», gogoratu du Callejok. «Denda horretan Derek Archer luthier irlandarrak lan egiten zuen, eta benetan aparta zen. Pentsa, Rory Gallagher gisako musikarientzat lan egindakoa zen. Hari lan karga arintzen aritu nintzen denbora batez», gaineratu du.
Konponketa lanak eta gitarra klaseak uztartzen hasi zen Callejo, eta etxeko lantegia Amara Berriko Ikasketen plazako lokal batera lekualdatu behar izan zuen. Miguel Lopez arotzarekin topo egiteak bultzatu zuen erabaki hori hartzera. «Luthier lanak egiten hari esker hasi nintzen. Arotza izan zen 1970eko hamarkadan, eta egurra lantzeko teknikak berak erakutsi dizkit. Baita erabili beharreko erremintak ere», azaldu du Callejok. Horrela, gitarrak sortzeko lokal «egokiago» bat behar zuela konturatu zen.
«Amara Berriko lokalera sartzeak beldurra ematen zuen arren, luthier gisa trebatzeko nire gotorlekua izan zen lau edo bost urtez. Gitarra klaseekin jarraitu nuen, bizitzeko dirua behar nuelako. ACDC taldeak abesten duen moduan, Is a long way to the top if you wanna rock and roll. Hau da, denbora behar da bezero kopuru handi bat lortzeko. Zorionez, gero eta musikari gehiagok jo zuten niregana, ahoz ahokoari esker, eta luthier gisa bizitzeko aukera izan nezakeela ikusi nuen», adierazi du.
Jatorrira itzulera
Ahoz ahokoa erabakigarria izan zen Callejok azken pausoa emateko. Amara Berritik Antiguara bueltatu zen, jatorrira: «Diru kontuak egin nituen, eta bideragarria izan zitekeela konturatu nintzen. Orduan, 2012an, Antiguako lokal honetan jarri nuen nire lantegia. Beraz, hogei urte baino gehiago daramatzat luthier moduan. Halere, hamabost urte dira gitarra klaseak utzi nituenetik, eta esango nuke ordutik dela nire ogibidea».
Gaur egun, Callejok hamar bat ordu ematen ditu egunero Antiguako lokalean, eta «oso pozik» dago «benetan gustuko duena» egiteko «zortea» duelako. «Urte asko behar izan ditut nire lana egonkortu eta honaino iristeko. Hori mantentzea da nire helburua, eta, zorionez, ez zait lanik falta», adierazi du. Egunerokoari dagokionez, egun bakoitza desberdina dela dio: «Gitarren konponketak askotarikoak dira; batzuk sinpleak eta beste batzuk konplexuagoak. Adibidez, gitarra bati sokak aldatzea eta ondo jartzea da normalean egiten dudan lanetako bat. Milioi bat soka aldatuko nituen, praktikarekin nahiko azkar egiten dudan gauzetako bat da. Aldiz, gitarra bati jack bat edo beste pieza bat aldatzeko denbora gehiago behar izaten da. Gitarra berritu edo pintatu beharko banu, berriz, hilabeteetako lana izango litzateke».
Bezeroei harrera egin eta haiekin hitz egitea da gehien gustatzen zaiona. «Musikariak dira nire bezeroen gehiengoa, eta ni ere banaizenez, giro ederra sortzen da gure artean. Izan ere, hona etortzen direnek musika eta gitarra maite dituzte, haien pasioa dira. Orduan, gitarra konpontzeaz aparte, gustura jotzeko hobekuntzak eskatzen dizkidate, eta nik eskaintzen dizkiet ahal dudan neurrian», nabarmendu du Callejok. «Nire aitak erakutsi zidan nola lan egin behar den. Berak zera esan zidan: zure atetik ateratzen den azken lana bezain ona zara. Beraz, egunero saiatzen naiz ahalik eta ondoen lan egiten», gaineratu du.
Bezero sentituak eta ezagunak
Asko dira egungo lantegitik pasatu diren bezeroak. «Duela hogei urte konponketak egiten hasi nintzenetik, ziurrenik, 2.000 bezero baino gehiago izango nituen. Konponketak, berriz, milaka izango dira. Urtea hasi baino ez da egin eta dagoeneko 600 baino gehiago egin ditut. Eguneko konponketa pare bat edo hiru egiten baditut…», azaldu du Callejok.
Bezero gehienak musikariak diren arren, musikariak ez diren askok jo izan dute Callejorengana. Anekdota gisa, bezero horietako baten historia kontatu du, harentzako «bereziena» izan delako, eta «asko hunkitu» zuelako: «Duela bost urte, adineko emakume bat etorri zen lantegira, gitarra zorro oso zahar batekin. 94 urte zituela uste dut. Atetik sartzen lagundu behar izan nion, eta harreran dudan sofan eseri zen. Zorrotik gitarra are zaharrago bat atera zuen, oso hondatua zegoena. Arrakala ugari zituen, eta oso hauskorra zirudien. Emakumeak begietara begiratu eta gitarra konpontzeko eskatu zidan. Bere bizitzan egingo zuen azken gauzetako bat zela gaineratu zuen. Gitarra 8 urte zituenean oparitu zion aitak, eta hil aurretik berriz ere haren soinua entzutea desio zuen».
Callejok aitortu du «zur eta lur» geratu zela. Gitarra hura konpontzea «erronka handi» bat izango zela adierazi zion emakumeari, eta «oso garestia». Horrela ere, ordaintzea erabaki zuen. «Hilabete batzuk beranduago etorri zen, eta nik jo nuen gitarra harentzako. Asko hunkitu zen, baita ni ere. Ondoren, gitarra hartu eta lantegitik atera zen. Ordutik ez dut haren berririk izan, eta pentsatzen dut hilda egongo dela», deitoratu du.
Bezero ezagunei dagokienez, hiriko eta inguruetako musikari askok eskatu diote Callejori haien gitarrak konpontzeko. Horietako izen batzuk eman ditu: Mikel Erentxun, Alex Ubago, La Oreja de Van Gogh taldeko Pablo Benegas eta Alvaro Fuentes, Javier Juanco, Joaquin Chacon eta Marea taldeko gitarristak, besteak beste. «Haien gitarrak konpontzeaz gain, horietako batzuek nik sorturiko gitarrak ere badituzte», adierazi du.
Luthierraren ajeak
Gitarrak konpontzea baino, nahiago du sortzea Callejok, baina «abantailak eta desabantailak» dituela uste du: «Konponketak egitea da nire eguneroko ogia. Ordea, asko gustatzen zait goiko solairuan gitarrak diseinatu, materialak aukeratu, eta, finean, gitarrak sortzea. Nire sormena garatzen laguntzen dit. Aldiz, denbora askoz ere gehiago behar da gitarra bat zerotik sortzeko».
Amara Berriko lantegian hasi zen harizko instrumentuak fabrikatzen. Batez ere, gitarra elektrikoak, akustikoak eta baxu elektrikoak egiten ditu. Ordutik, 40 baino gehiago egin dituela uste du. «Ez dira gutxi», nabarmendu du: «Egindako gehienak saldu ditut, eta, beraz, han eta hemen ikus daitezke SC markarekin». Horrela ere, «prezio onean» saltzea zaila dela aitortu du: «Eskuz egindako gitarra batek bere prezioa dauka, noski. Gitarra jotzen hasi zen gazte batek ez du diru hori ordainduko. Aldiz, gitarra zaletasun gisa dutenak prest egon ohi dira dirua horretan gastatzeko».
Bestelako abantaila bat ere aipatu du Callejok, baina hori berezkoa du. «Luthierra ez ezik, gitarra jotzailea izateak asko laguntzen dit egunerokoan. Bezeroak nahi duena hobeto ulertzeko aukera dut. Doiketa jakin bat eskatuz gero, errazago topa dezaket bezero horrek nahi duena gitarra jotzen ikusten badut. Gitarraren piezak aldatzeaz gain, moztu, egokitu eta forma eman diezaioket bezeroak erosoago jo dezan. Azken batean, jantziak neurrira egiten diren modu berean, gitarra ere musikariaren neurrira egin behar da», adierazi du.
Antiguako lantegian, aipatu moduan, sorturiko eta konponduriko gitarra probatzeko leku intsonorizatu bat du. «Lantegitik atera aurretik, bezero guztiak euren instrumentua jotzeko aukera dute. Gustura geratzen diren arte, ez diet joaten uzten. Izan ere, nire helburua da bezeroak pozik joatea bere etxera, estimatzen duen gitarra horrekin», nabarmendu du Callejok.

Sergio Callejok lantegiko goiko solairuan du aroztegia eta luthierraren txokoa.Joseba Parron San Sebastian
Ofizioa eta afizioa
Callejoren afizioa ofizio bihurtu zen modu berean, jakin badaki etorkizunean ofizioa soilik afizio izatera mugatu daitekeela. «Egunen batean gauzak okertzen badira, eta sei hilabetez enkargurik ez badut, ez dut arazorik izango negozioa ixteko. Horixe da nire bizitzaren filosofia», adierazi du Callejok. Horrela ere, nahiko urrun ikusten du, bezero sare zabala duelako.
Etorkizuna aipatuta, Callejok musikari gisa Anabel Rus abeslari eta emaztearekin duen proiektua berreskuratzeko asmoa du. «Pandemia lehertu baino pixka bat lehenago, 2020ko otsailean, bolero disko bat argitaratu genuen elkarrekin. Lana aurkezteko, kontzertu batzuk lotu genituen, baina denak bertan behera geratu ziren», gogoratu du. Arantza hura kentzeko gogoa dauka.