'Dardarak artxiboan' erakusketa, «500 urtez isildutako genero eta sexu disidentzien inguruko ibilbidea»

Dardarak artxiboan. Maritxu eta Katalinaren kasua kalera erakusketa inauguratuko dute Aiete Kultur Etxean ostegunean (hilak 6) eta hilaren 30era arte egongo da ikusgai. Erakusketa “500 urtez isildutako genero eta sexu disidentzien inguruko ibilbide bat” da, Donostia Kulturak azaldu duenez. Asteartetik igandera bisitatu ahalko da, arratsaldez astean zehar, goiz eta arratsaldez larunbatetan eta goizez igandeetan.
Erakusketaren ardatza Valladolideko Errege Kantzelaritzako artxibo historikoan gordetako 1503. urteko dokumentu judizial bat da. Horren arabera, Donostiako alkateak Katalina Belauntzakoa atxilotu, torturatu eta erbesteratu zuen Maritxu Oiartzungoarekin “haragizko harremanak” izatea leporatuta.
Horrela, Dardarak (Txalaparta, 2024) album ilustratuan, egileek gertakari historiko hau fikzionatu dute, egungo Donostiako testuinguruan bestelako problematika sozial batean gorpuztuz: Katalina eta Maritxu adineko bikote bat izango da, etxegabetzearen amesgaiztoak zeharkatuko dituelarik haien bizitzak. Joana Aurrekoetxea (Donostia, 1987), Karmele Mitxelena (Oiartzun, 1988), Irene Irureta (Zumaia, 1989) dira album horren egileak, eta baita erakusketarenak ere.
Album ilustratuko fikziozko elementu eta espazioek konfiguratzen dute erakusketa, Maritxu eta Katalinaren egiazko istorioaren eta XV. eta XVI. mendeetako europar mendebaldeko sexu eta genero disidentzien erakusleiho gisa. “Urte luzez historiografia tradizionalaren itzalean bazter utzitako subjektu eta bizitza hauei plaza publiko bat eskaintzera gatoz, memoria, aitortza eta erreparazio sinbolikoa aldarrikatuz Maritxu eta Katalinarentzat”, azaldu du Donostia Kulturak.