Ligako titulua Donostian berretsi dezake Txuri Urdinek
Ligako titulurako kanporaketa bideratu dute donostiarrek, Majadahondaren izotz pistan.

Txuri Urdineko neskek ligako titulurako finaleko lehen bi partidak jokatu dituzte Majadahondaren kontra asteburuan, Madrilen. Larunbatean lortutako garaipenaren ondoren (2-3), igandean ez zen horrela izan (2-1). Asteburu honetan etxean jokatuko hurrengo bi neurketak, martxoaren 8an eta 9an. Biak irabazita titulua Donostian geratuko litzateke. Biak galduta, titulurik gabe geratuko lirateke. Aldiz, bat irabazi eta beste bat galduta, finaleko partida erabakigarria Madrilen jokatuko lukete.
Bestalde, Txuri Urdineko mutilek bide okerretik hasi dituzte ligako titulurako kanporaketak. Lehen bi norgehiagokak galdu zituzten Jacan, larunbatean eta igandean. Aragoiko taldea askoz ere hobea izan zen bi partidetan: 7-1 eta 4-2. Hurrengo bi partidak Donostian jokatuko dituzte, eta biak irabazi ezean, lehiatik at geratuko dira.
Eskubaloian, Bera Berak Eldaren aurka galdu zuen (32-26). Donostiarrak hainbat modutan saiatu arren, Eldak arlo guztietan gainditu zituen. Normala da partida guztietan dena eman ezin izatea. Gainera, Europako ligan ahalegin fisiko eta mentala agerian ikusten da partida hauetan. Lehen zatian donostiarrak ez zeuden kontzentratuta, baina bigarren zatian bai, baina gutxi iraun zien.
Futbolean, Realak Bartzelona sendo baten aurka galdu zuen atzo (4-0). Partida hasieran Imanol Alguacilen mutilek gola sartu zuten, baina epaileak baliogabetu zuen. Hasiera txarra. Gainera, Aritz Elustondo 16. minutuan kanporatu izanak eragin zuzena izan zuen. Indarrik gabe egon zen Reala, ez zuen baloia atera bota, kornerrik ere ez… Ezin izan zuen ezer egin. Izoztuta eta ideia argirik gabe geratu ziren. Ostegunean Manchester Uniteden aurkako partida dute eta Europan bizirik jarraitzeko garaipena beharrezkoa da. Nesken kasuan, aldiz, puntu bat lortu zuten Sevillaren aurka, Zubietan (0-0). Txuri-urdinek hobera egin zuten minutuek aurrera egin ahala, eta bigarren zatian markagailuan aurrea hartzeko aukerak izan zituzten, baina ez zuten asmatu.
Saskibaloian, asteburu iluna izan da Ibaeta Basketentzat eta Gipuzkoa Basketentzat. Azu Muguruzaren taldeak astindua jaso zuen Perfumerias Avenidaren kantxan (83-58). Mikel Odriozolak gidaturikoek, berriz, ez zuten lehiatzeko aukerarik izan Betisen aurka (92-78).
EMAITZAK
Izotz hockeya
Emakumezkoen ligako titulurako kanporaketa, finala
- Lehen partida: Majadahonda 2 – Txuri Urdin 3
- Bigarren partida: Majadahonda 2 – Txuri Urdin 1
Gizonezkoen iberiar ligako titulurako finalerdiak
- Lehen partida: Jaca 7 – Txuri Urdin 1
- Bigarren partida: Jaca 4 – Txuri Urdin 2
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 19. jardunaldia
- Elda 32 – Bera Bera 26
Futbola
Gizonezkoen liga, 26. jardunaldia
- Bartzelona 4 – Reala 0
Emakumezkoen liga, 20. jardunaldia
- Reala 0 – Sevilla 0
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 23. jardunaldia
- Perfumerias Avenida 83 – Ibaeta Basket 58
Gizonezkoen bigarren maila, 22. jardunaldia
- Betis 92 – Gipuzkoa Basket 78