Oihane Otaegik eta Mikel Unanuek brontzea eskuratu dute Hvidovreko Kopan

Danimarkako Hvidovre hiriko Munduko Kopan brontzea eskuratu zuten atzo Oihane Otaegi eta Mikel Unanue donostiarrek. 2022an zilarrezko domina jantzi zuten txapelketa honetan.
Multzoen fasea lehen postuan bukatu zuen bikote mistoak, hiru garaipenekin eta porrot batekin. C multzoan kokatu zituzten, Immonen eta Sipil finlandiarrekin, Thomson britainiarrekin, Müller eta Ferguson austriarrekin eta Chang eta Goldbeck danimarkarrekin.
Lehen norgehiagokan, galdu egin zuten Austriako bikotearen aurka (5-6), baina hortik aurrera ez zuten porrot gehiagorik jaso. Chang eta Goldbeck danimarkarrak (6-8), Thomson britainiarrak (7-5) eta Immonen eta Sipilensek osatutako Finlandiako bikotea (5-6) gainditu zituzten.
Final-laurdenetan, berriz ere Immonen eta Sipilen bikotearen aurka aritu ziren, eta mendean hartu zituzten (5-4). Finalerdietan, ordea, Danimarkako beste talde baten aurka aritu ziren, eta oraingoan ezin izan dute norgehiagokaren norabidea aldatu, maldan gora jarri baitzaie. Lander eta Holtermannen aurrean galdu zuten (8-1). Ondorioz, brontzea erabakitzeko neurketa jokatu zuten donostiarrek. Lehia estua izan zen Danimarkako hirugarren bikotearen aurka: Schmidt eta Qvist. Etxekoak aurretik ziren partidaren lehen zatian, baina Otaegik eta Unanuek presioa kontrolatu, eta markagailua irauli zuten (6-5).
Denboraldi honetan, bikoteak World Curling Tourreko lau kopa jokatu ditu. Hvidovrekoa ez ezik, Praga, Lodz eta Goteborgekoa ere. Otaegik IRUTXULOKO HITZAri aurreratu moduan, txapelketa hauek bikote mistoen Kanadako Munduko Txapelketa prestatzeko baliatuko dute. Apirilaren 26tik maiatzaren 3ra bitartean jokatuko da Frederictonen. Besteak beste, Italiako Neguko Olinpiar Jokoetara sailkatzea izango dute helburu.