Deabruari irabaztea da helburua
Realak eta Manchester Unitedek Europa ligako final-zortzirenetako joaneko partida jokatuko dute gaur, Anoetan (18:45).

Real Madril eta Bartzelona gisako bi talde handiren aurka jokatu ostean, Realak Manchester United hartuko du gaur Europa ligako final-zortzirenetako joaneko partidan, Anoetan (18:45). Ingalaterrako Premier ligako talde esanguratsuetako bati irabazteko aukera paregabea du arratsaldean, eta ezin du hutsik egin. Elkarren aurka jokatuko duten historiako zazpigarren partida izango da, eta neurketa aurreko giroa izugarria izatea espero da. Ordea, baloia mugimenduan jartzean, jokalarien eta zaleen endorfinak igotzen hasiko dira.
Une honetan, Imanol Alguacilen mutilak ez dira txiki sentituko. Hau da, arerio handi bat kanporatzeko itxaropena dute. Gainera, talde ingelesak dozena bat jokalari garrantzitsu ditu min hartuta, eta ez dira Donostiara etorri. Soilik hemezortzi sartu ditu deialdian Ruben Amorimek. Horietatik, hamahiru dira lehen taldekoak.
Zubimendi eta Oiartzabal, airean
Atzoko prentsaurrekoan, Orioko entrenatzaileak onartu zuen hainbat jokalarik minekin jarraitzen dutela, eta azken unera arte zalantza izango dira. Esaterako, Martin Zubimendi eta Mikel Oiartzabal. Bartzelonaren kontrakoan, Uliakoak min hartuta utzi zuen zelaia. Antzeko kasua da kapitainarena. Igandean ez zuen minutu bakar bat ere jokatu. Gainera, Arkaitz Mariezkurrena deialdian sartzeak agerian uzten du erasorako jokalariak behar dituela entrenatzaileak.
Hamaikakoari dagokionez, ohikoak hasieratik aritzea espero da. Esaterako, Bartzelonaren kontra jokatu ez zuten Aguerd, Brais, Sucic eta Kubo. Gainerakoak zeintzuk diren iluntzean argituko da.