«Hobeto egotea sustatzen ez badute, etxera joatea sustatzen ari dira»
Donostia Sustapenak berriki erabaki du Bretxako baserritarren postuak Arrandegi eraikinaren barrura eramatea. Galdetu badiete ere, beren iritzia kontuan hartu ez dutela salatu dute kaltetuek.

Ez daude pozik Bretxako baserritarrak. Aldaketen eta behin-behineko egoeren amaiera gertu ikusten zuten, ekainerako prest egotekoa zen pergolaren lanak abiatzean; baina ezustean haiek gelditu, eta erabakia aldatu du udalak. Arrandegi eraikin barnean jarri nahi dituzte beren postuak eta egun salmentan ari diren hamahiru baserritarrak ez daude ados. Haietako bik, Rosi Ormazabalek eta Marcos Otaegik, azaldu dute zergatik.
Zenbait gorabeheren emaitza da erabakia. Atzera eginez, Arkuak eraikina berritzeko, San Juan kaletik Arrandegi eraikinaren aurrean dagoen karpa zuri eta handiaren babesera eraman zituzten 2019ko martxoan. Ustez, hiruzpalau hilabetetarako besterik ez zen, baina hilaren 19an sei urte egingo dituzte bertan. Asmoa plazaren alde batetik bestera mugitu eta han jarritako aterpe batean lan egitea zen. Gunearen birmoldaketan pilatutako atzeratzeak eragin zuen Baika Mercados SL emakidadunari kontratua etetea, eta urrian Donostia Sustapenak hartu zuen haren kudeaketa. Hilabete geroago, itxitura eraikitzeko lanak esleitu zituzten eta urte hasieran ekin zioten zoruaren prestaketari. Udal erakundeko arduradunak, ordea, jabetu ziren Arrandegi eraikinean zenbait gune huts zeudela eta baserritarrak bertara lekualdatzea pentsatu zuten.
Aukera horri buruz galdetu zietela baieztatu dute baserritarrek, baita ezezko borobila eman zietela ere. Handik astebetera, bilera batera deitu zituzten pergolan jartzeko mahaiak aukeratzeko; baina hara joatean, eraikin barrukoak hautatzeko zen. Ezezkoa berretsi bazieten ere, egun gutxira komunikabideetan ikusi zuten erabakia hartu zutela. «Ez digute ezer gehiago esan».
Otsaila erdialdean gelditu egin zituzten lanak, eta udal erakundeak pergola eraikitzeko kontratua eten zuen. Astebetera, otsailaren 18an, Eneko Goia alkateak publikoki babestu zuen erabakia: «Denentzat onuragarria da: kokaleku hobea da, barruko baldintzak hobeak dira eta plaza libreago geldituko da». Alternatiba elkarlanean landuko zutela ere esan zuen.
Leku txikia, ziurgabetasun handia
Gunea erakutsi zieten joan den astean, baina diotenez arduradunek ez dakite nola geldituko den, «berriro berritu» behar dutelako. «Non izango litzatekeen erakutsi ziguten eta botepronto, fundamentu kaxkarrarekin, egindako plano bat, bederatzi baserritarrentzat». Alegia, denentzat tokirik ez legoke. Azaldu dutenez, postu bakoitzak «bi metro baino gutxiago» lituzke, eta guztiei lekua egiteko antolatuko dutela esan bazieten ere, ez dute egoera argi ikusten. «Ez dute ezer landuta, baina badirudi argi dutela zer nahi duten. Gu barrura goaz, gastuak aurrezteko edo dena delakoagatik».
Zergatiei dagokienean, arrazoi ugari entzun dituzte: hobe egongo direla, hotzik gabe, kristala puska daitekeela, auzotarrek plaza libre nahi dutela, San Tomas azoka Bretxara ekarri nahi dutela… Batek berak ere ez ditu konbentzitzen. Ezkor dira aldaketan izan dezakeen eraginari dagokionean, ez ikusgarritasunik ezta baldintza hoberik ere izango ez dutela diote. «Sartzea kosta egiten da. Beheko azokakoak gu bezain aspertuta daude. Salmentak behera egin du eta hor barruan haziko dira? Oxala, baina ez dut uste».
Presente dute erosketek behera egin zutela Arkuak eraikineko saltokien erakusleihoak medio, San Juan kalea utzi zutenean. Hara bueltatzea ezinezkoa izanik, pergolarenaren aldekoak dira. «Nahiko larri» sartuko lirateke denak, baina egungo karpa baino seguruagoa bada. «Hemen ez dugu deus uzterik, sartzen dira, bertan lo egiten dute…». Han «enbarazu gutxi» egingo luketela berretsi dute, «plaza garbitzeagatik bada, ez dugu traba handirik egiten».
Ikusgarritasunaren arazoaz gain, beraien ogibidearen etorkizunak ere kezkatzen ditu. «Leku ederra eta fundamentuzkoa jarriko balute, pizgarria izan daiteke gazteek hartzeko. Gutxi gaude, eta hobeto egotea sustatzen ez badute, etxera joatea sustatzen ari dira». Erakundeek baserritarrak babestu eta lagundu behar direla badiote ere, merkatua «alferrik galtzen» ari direla salatu dute.
Orube hori baserritarrentzat oparitutako lurra dela gogoratu dute ere, nahiz eta horrek zenbaitetan «ezertarako ez balio», eta gehitu dute auzotarrei galdetuz gero, plazan gelditzea babestuko luketela. «Gainera baserritarrak hemen zeuden bertan bizi direnen, haien gurasoen, aitona-amonen, birraitona-amonen eta herenaitona-amonen aurretik. Eta Bretxa hau da, ez hori [Arrandegi eraikina]».