Estreinaldiak eta protagonista ezagunak izango ditu 8. Crossover jaialdiak

Telesailen kulturari fokua jartzeko sortu zuten Crossover jaialdia, eta dagoeneko zortzigarrenez egingo dute martxoaren 24tik 29ra bitartean. Beste behin ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak antolatu du Kultur Factory kultur agentziarekin batera. Programazioa jaialdiaren webgunean kontsultatu daiteke.
Aurten ere, Crossover jaialdia Koldo Mitxelena Kulturunean —Parte Zaharreko Santa Teresa komentuan du gaur egungo egoitza— eta Tabakaleran egingo dute. Estreinaldi eta elkarrizketa ezberdinetan hainbat pertsona ezagunek parte hartuko dute: Arturo Valls, Ana Wagener, Carles Porta, Omar Ayuso, Sonsoles Onega, Nacho Vigalondo, Ane Rot, Martin Urrutia, Ane Gabarain, Carlos Scholz eta Diego San Jose, besteak beste.
Bi estreinaldi eta bi emanaldi berezi izango ditu Crossover jaialdiak. Batetik, La caza del solitario estreinatuko dute primizian, Movistar Plus+-en jatorrizko ez-fikziozko telesaila, Carles Porta sortzaileak aurkeztuko duena, Jorge Ortizekin batera. Bestetik, Mariliendre telesailaren lehen atala estreinakoz proiektatuko da, Atresplayer-en jatorrizko telesaila, Javier Calvok eta Javier Ambrossik ekoitzia. Javier Ferreiro sortzaileak, Martín Urrutia musikari eta aktoreak eta Omar Ayuso aktoreak aurkeztuko dute.
Bestalde, La vida breve telesailaren lehen atala eskainiko dute, Movistar Plus+-en komedia originala, Cristobal Garrido eta Adolfo Valor sortzaileek eta Carlos Scholz protagonistak aurkeztuko dutena. Era berean, Twin Peaks telesailaren atal pilotuaren emanaldi berezia egingo dute, Skyshowtime-ren eskutik. Nacho Vigalondoren eta Borja Cresporen arteko solasaldia ere izango da, eta hil berri den David Lynch zinemagilea omenduko dute.
Elkarrizketak
Elkarrizketak, berriz, jaialdiaren nortasunaren ikurretako bat dira, eta telesailen munduko hainbat alderdi eta horiek gizartearekin duten harremana aztertzen dituzte. Zortzigarren edizio honetan, horietako bat Desagertuta telesailari buruz izango da, laster Primeran plataforman estreinatuko dena. Horrez gain, La pareja en las series de ficción-en fikziozko produktuek amodioaren eraikuntza idealean duten paperaz hitz egingo dute, eta bestelako gaiez La sustancia, actrices contra el tiempo hitzaldian. Las hijas de la criada elkarrizketan, Sonsoles Onegaren eleberriak 2023an Planeta Saria jaso zuen, eta Atresmediak telesail formatura egokitzeko egiten ari diren bidaia aztertuko dute. Azkenik, Josep Cister telenobela onenaren nazioarteko Emmy sariaren irabazleak Xavi Lock izango du lagun. Elkarrekin, Tabakalerako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Laborategiak bultzatutako topaketa baten barruan, eguneroko telesailen gorakada aztertuko dute, eta gaur egun arrakasta handienetakoa duen La promesa-ren nondik norakoak ezagutaraziko dituzte.
Crossover jaialdiak, gainera, Series Gourmet atala eskainiko du, Tabakalerako LABe jatetxean. Topaketak protagonisten lan ezagunenetako batzuetan inspiratutako menu bat dastatzeko aukera ematen du. Oraingo honetan, Arturo Valls aktore eta aurkezlea eta Diego San Jose gidoilaria izango dira protagonistak.
‘Ikusle gonbidatua’
Euskara hutsean garatzen den atala da Ikusle gonbidatua. Aurten, bost saio izango ditu, eta bertan parte hartuko dute Caricature Resolution marrazkilari arduratsuen kolektiboak, Mikel Yarza kazetari eta musikariak, Joseina Etxeberria aurkezleak, Elena Caballero La Basu abeslariak eta Yurre Ugarte gidoilariak.
Bestalde, Euskadi Irratiko Baipasa magazinak Zer ikusi atala aurkeztuko du Crossover jaialdian, astero ikus-entzunezko edukiei buruzko gaurkotasuneko informazioa eskaintzen duena. Oraingo honetan, telesailen kontsumoari buruzko betiko eztabaida izango du ardatz saioak: Hobe al da maratoia egitea edo telesailak astez aste ikustea?
Azkenik, Cosecha del 25 saioan, hainbat hedabidetan ibilbide luzea egin duen kultura kazetari talde batek aurtengo serieen errepasoa egingo du, eta, ondoren, Batalla de Series ezaguna egingo da, bi animazio klasiko aurrez aurre jarriko dituena: Los Simpson eta Padre de Familia.
Erakusketa
Jaialdia dela eta, Santa Teresa komentuak Caricature Resolution 25: The series erakusketa hartuko du martxoaren 24tik maiatzaren 1era. Gipuzkoako marrazkilarien kolektibo batek egin du, Stranger Things, The Bout deing, The Lout Walking eta The Lout filmetako pertsonaien aukeraketa anitza irudikatuz.