Basoen balioa eta onura ugariak ikusaraziko ditu Basoen Asteak
Basotik Fundazioak Gipuzkoako Basoen Astea aurrera eramango du datozen egunetan. Bihar eta etzi, naturarekin konektatzeak dakarren ongizatea helburu duten baso bainuak egingo dituzte Ulian; asteartean, berriz, 'Basoa gara' hitzaldi sorta, aldundiaren egoitzan.

Udaberria ate joka dator eta harekin batera iritsiko da Basoen Nazioarteko Eguna. Martxoaren 21eko efemeride hori ardatz hartuta, Basotik Fundazioak Gipuzkoako Basoen Astea antolatu du, lurraldeko basoen garrantziaz sentsibilizatzeko eta gizartearen ongizatean duten papera nabarmentzeko helburuz.
Egitarauko lehen jarduerak asteburuan aurrera eramango dituzte. Bihar eta etzi, ongizatea helburu duten baso bainu saioak egingo dituzte Ulia mendian. Baso bainuen oinarria naturarekin konektatzea da horrek dituen onurak jasotzeko. Besteak beste, estresa murrizten laguntzen dute, sistema immunologikoa indartzen dute eta aldaketetara egokitzeko gaitasuna hobetzen dute, bizitza osasungarriagoa sustatuz. Saioak doakoak dira eta Forest Therapy Hub-eko hezitzaile batek gidatuko ditu; bihar, euskaraz gauzatuko dute eta etzi, gazteleraz. Bi orduko iraupena izango dute, 11:00etatik 13:00etara bitartean, Uliako aparkalekutik abiatuta. Norbanakoek edota familiek parte har dezakete, aurrez izena emanda. Gehienez, 20 laguneko taldea osatuko dute.
Hiru ikuspegi
Asteartean, hilak 18, berriz, Basoa gara jardunaldiak aurrera eramango dituzte aldundiaren Jauregiko Gunea aretoan, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Hiru hitzaldik osatuko dute saioa. Silvestre liburuaren egile Blanca del Novalek Basoa eta elikagaiak hitzaldia eskainiko du, HAZIko Alejandro Canterok eta Basotik Fundazioko Ana Arizek, berriz, Baso kudeaketa jasangarria izango dute hizpide, eta azkenik, Forest Therapy Hubeko Manuela Renzik Basoa eta ongizatea izango du mintzagai.
Jardunaldien nondik norakoen berri izan eta jardueretan izena emateko, jo Basotik Fundazioaren webgunera (Basotik.eus).