«Erabaki txikiak dira jendearen kontzientzia pizten dutenak»
Euskararen egoeraren eta euskararen aldeko borrokaren inguruan hitz egiterakoan, tamalez, ezinbestekoa da euskararen aurkako oldarraldi judizialaz aritzea. Horri aurre egiteko, egunerokoan erabakiak hartu behar direla aldarrikatu dute EHEko kideek.

Euskararen aurkako erasoak ez dira berriak, baina azken urteotan, ugaritu egin dira epaitegietatik datozenak. Hain zuzen ere, eskuinetik ez ezik, ustez ezkertiarrak diren espazioetatik egindako salaketen harira askotan, areagotu egin dira administrazio publikoko lanpostuetarako hizkuntz eskakizunen aurkako epaiak.
Epai horiek kolokan jartzen ari dira bermatuta ziruditen zenbait eskubide eta urte luzez borrokatu behar izan diren lorpen asko. Izan ere, herritarrek administrazio publikoarekin duten harremana euskaraz eduki ahal izateari oztopoak jartzen dizkiote.
2021eko maiatzean EAEko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) Irungo Udaltzaingo zerbitzurako hamabi lanposturi ezarritako hizkuntza eskakizunak bertan behera uzteko epaia argitaratu zuenetik, asko izan dira Euskal Herriko zenbait txokotan eman diren antzeko epaiak. Eta, Donostia ez da salbuespena izan, noski: Uliazpi fundazioari eragin diona eta Udaltzaingoari eragin diona izan dira entzutetsuenak.
Uliazpikoa 2023tik dator: urte hartako otsailean, EAEANak fundazioko 34 zaintzaileren lan deialdian jasotzen zen euskararen oinarrizko ezagutzaren eskakizuna baliogabetu zuen eta, 2024ko maiatzean, Espainiako Auzitegi Gorenak ez zuen tramitera onartu aldundiaren kasazio helegitea. Udaltzaingoarena, aldiz, 2024ko urtarriletik dator, Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. aretoak Donostiako Udaltzaingoaren bi lanpostutarako euskara eskakizuna atzera bota baitzuen orduan. Udalak errekurtsoa jarri zuen, eta, aurtengo otsailean, afera behin betiko itxi zuen EAEANak, udalaren errekurtsoa baztertuz. Epai horien eta beste batzuen aurrean, kalera atera da sarritan euskalgintza, hainbat udal ordezkarik publikoki salatu izan dituzte epaiak.
Donostiako Euskal Herrian Euskarazeko (EHE) Ilhun Gil de San Vicentek eta Igor Lozano Lazkanok ere gogor salatu dituzte oldarraldi judizialeko epaiak: «Eraso zuzen bat dira euskaldunon aurka, zaildu egiten digutelako euskaraz bizi ahal izatea», deitoratu du Gil de San Vicentek. Horrez gain, sistema judizialean jarri du fokua Lozanok: «Euskal autonomiak ez du inolako eskumenik epaileekiko. Argi ikusten ari gara zein den euren mentalitatea eta, muga bat pasatzean, epailea hor dagoela, politikariari edo dena delakoari gogorarazteko zeintzuk diren benetako mugak. Ez daukagu tresna juridikorik euskara babesteko».
Publikoan eta pribatuan
Administrazio publikoan hizkuntz eskubideak bermatzearen alde mobilizatzeko beharra aitortu eta horren alde agertu dira EHEko kideak, baina harago ere joan behar dela nabarmendu dute: «Enpresa pribatuetan ere aldarrikatu behar dugu arreta euskaraz egin behar dela, pribatua izateak ez baitu esan nahi egin dezakezula nahi duzuna. Enpresa pribatuak ere ordenamendu juridikoaren mende daude, eta ez dut esaten egun batetik bestera behartu behar direnik jendea euskaraz artatzera, baina hasi beharko dugu pentsatzen zentzu horretan ere pausoak eman beharko ditugula», azaldu du Lozanok.
«Euskal autonomiak ez du inolako eskumenik epaileekiko. Argi ikusten ari gara zein den euren mentalitatea»
Igor Lozano Lazkano, Donostiako EHE
Hala ere, zentzu horretan, argi dute ezin dela modu berean tratatu «denda xume bat duen langile bat edo multinazional bat»: «Horregatik, gure propaganda, lanketak eta seinalamenduak egiterakoan, kontuz ibiltzen gara eta kontuan hartzen dugu bakoitzaren egoera. Ezin dugu gizarteko ahulenaren aurka jo, eta jakin behar dugu nori ahal dizkiogun gauza jakin batzuk exijitu eta nola». Ildo horretatik, erabaki jakin batzuk hartzearen alde agertu da Lozano: «Normalizatu behar dugu euskaraz artatzen ez gaituzten lekuetara ez joaten hastea, besterik gabe. Halakoetan, normalean, gaztelaniara pasatzen gara eta kito, baina uste dut halako erabakiak hartzen hasi behar dugula, erabakitzeko aukera daukagunean, behintzat; tokian tokiko egoerak aztertuta, betiere».
«Hasieran, ziur aski, hiru friki izango gara hori egingo dugunak, baina horrek kontzientziak piztu ditzake eta, besteak beste, jendea euskara ikastera animatu», dio Lazkanok. Hain zuzen ere, argi dute txikitik eragitea dela bidea: «Erabaki txiki horiek dira jendearen kontzientzia pizten dutenak».