Gaurko Infernu zaharra, biharko Zubiberri
Ibaetako auzuneko hirigintza garapena abiatu du Donostiako Udalak. Azkenik, 575 etxebizitza eraikitzea aurreikusi dute, gazteentzako eta adinekoentzako 35 apartamentu sustatuko dituztelako. Guztira, babes publikokoak 270 izango dira; 135 babes ofizialekoak eta 135 tasatuak.

Infernua desagertzear da. Ibaetako auzunean zutik dauden azken eraikinak eraisteko lanak abiatu dituzte. Era berean, datozen asteetan lursailean dauden amianto arrastoak kentzea aurreikusten dute. Lan horiek guztiak bukatzean hasiko dira auzune berria eraikitzen, eta atzealdetik zeharkatzen duen kalearen izena hartuko du eremuak: Zubiberri.
Izena aldatu arren, izana badu Ibaetako auzuneak. Azken urteotan, egoera zaurgarrian dauden pertsona ugarik Infernuko eraikinak erabili izan dituzte bizitzeko. Hain zuzen ere, pertsona horien kontrako «polizia operazioak» salatzeko sortu zuten Infernua Bizirik bizilagunen mugimendua. Esaterako, 2020an Infernuko Fabrika pabiloia hustu zuen Ertzaintzak, eta 60 bat pertsona kaleratu zituen. Horrela ere, bizilagunen plataformak ohartarazi zuen jende gehiago bizi zela auzunean. 2022an eman zuten Infernuko azken etxe okupatua husteko baimena, baina, pasa den astera arte, Infernuan jendea bizi zen.
Zubiberri hirigintza garapenari hasiera emateko, martxoaren 6an agerraldia egin zuten Eneko Goia alkateak eta Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak. Goiak adierazi zuen azken etxe okupatua iragan astean hustu zuela Ertzaintzak, «arazorik gabe». Horrekin batera, beste datu bat nabarmendu zuen alkateak: «Duela 40 urte egin ziren Infernua berritzeko hirigintza proiektuaren lehen zirriborroak, eta, azkenik, iritsi da lanekin hasteko eguna». Horrekin batera, eskerrak eman zizkien Altuna y Uria eta Amenabar higiezinen enpresei, «dena errazteagatik».
Etxebizitza kopurua
Udalak duela sei urte egin zituen lehen urratsak Infernuaren hirigintza garapena bideratzeko. 2020an hiri antolamendurako plan orokorra aldatu zuten eremua birsortu eta birkalifikatzeko. Aldiz, 2022ko martxoan adostu zuten Ibaetako auzunea urbanizatzeko proiektua. Hasieratik, bi eremu zehaztu zituzten: 46.025 metro koadroko sabaia duen bizitegi gunea eta 8.130 metro koadroko sabai tertziario eraikigarria duen zona. Bizitegi eremuan 540 etxebizitza eraikiko zituztela iragarri zuten: 270 babes publikokoak —135 babes ofizialekoak eta 135 tasatuak— eta 270 libreak. Kopuru horiek iragan astean berretsi zituen udalak, baina gehiago izango dira.
Datorren asteko Tokiko Gobernu Batzordean eremua birpartzelatzeko akordioa onartzeko asmoa du udalak. Horren arabera, gazteentzako eta adinekoentzako 35 apartamentu sustatuko dituzte. Horretarako, Errotaburutik gertu dagoen lursail bat gorde dute. Lau solairuko eraikina izango da, eta 1.500 metro koadroko sabaia izango du. Horiek horrela, guztira, 575 etxebizitza eraikiko dituzte.
Amenabarren promozioa
Kopuruak gorabehera, argi dagoena da 270 etxebizitza libre eraikiko dituztela Zubiberri auzunean. Horietako 135 etxebizitza saltzeko promozioa abiatu du Amenabar higiezinen enpresak. Ibaeta Berri izena jarri dio 38.000 metro koadroko urbanizazioari, eta etxebizitzen hasierako prezioa 450.000 eurokoa da (BEZa barne). Errotaburutik gertuen dagoen eremuan eraikiko dute eraikin esklusiboa, aipaturiko gazteentzako eta adinekoentzako apartamentuen ondoan. Informazio guztia gaztelania hutsean dagoen webgune batean eskura jarri dute.
Luxuzko urbanizazioak hiru atari izango ditu. Lehenak, hamahiru solairu izango ditu. Beste biek, berriz, zortzi. Sotoko hiru solairu egongo dira garajeentzako eta trastelekuetarako. Etxebizitzak 75 eta 90 metro koadro bitartekoak izango dira, eta bakoitzak bi edo hiru gela izango ditu. Gainera, 13 metro koadroko batez besteko terrazak izango dituzte. Hala ere, etxabeek 45 metro koadroko kanpo eremua izango dute, eta atikoek 65 metro koadrokoa. Horiek guztiek leihate zabalak eta beirazko barandak izango dituzte. Bestalde, teilatuan 45 metro koadroko igerileku bat, aire zabaleko gimnasio bat eta atsedenerako gune bat izango ditu urbanizazioak.
3.000 etxebizitza
Udalak dagoeneko abian dituen beste etxebizitza garapenen inguruan hitz egin zuen Goiak pasa den astean. Izan ere, egungo legealdian 3.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzen hasiko direla nabarmendu zuen. Infernuko 540 etxebizitzez gain, Loiolako Lorategi Hirian 264 eta Añorga Txikin 248 egingo dituztela esan zuen. Bestalde, urteak aurrera egin ahala, Illarrako garapena hastea aurreikusten du udalak. Eremu horretan, beste 260 etxebizitza eraikiko dituzte. Gainera, Igarako garapena oso aurreratuta dagoela esan zuen alkateak: «Urtearen amaierarako, 1.300 etxebizitza inguru izango ditugu eraikuntza fasean, erdia babes publikokoak».