Kopa bueltan ekarri nahi du Bera Berak
Donostiako eskubaloi taldea egungo txapelduna da, eta Granollersen jokatuko dute azken fasea, gaurtik hasita.

Espainiako Kopa bederatzigarrenez altxatzeko lehia hastear da Bera Bera eskubaloi taldea. Granollersen jokoan den azken faseko final-laurdenetan Kanaria Handiko Rocasaren aurka ariko dira, 16:00etan. Hamargarren aldiz ariko dira elkarren kontra. Irabaziz gero, Porriño izango dute arerio finalerdietan, Elda kanporatu ostean . Neurketa hori bihar jokatuko litzateke, 16:00etan. Finala, berriz, etzi izango da, 11:15ean. Guztira, zortzi dira kopako azken fasean parte hartuko duten taldeak. Aipaturikoez gain, final-laurdenetako beste partidetan aurrez aurre ariko dira Granollers eta Morvedre, eta Beti Onak eta Atletico Guardes.
Izotz hockeyan, Txuri Urdinek ligako titulua berresteko neurketa erabakigarria jokatuko dute etzi, Majadahondaren izotz pistan (13:30). Finaleko bi partida irabazi ditu talde bakoitzak, eta bosgarrena irabazten duenak izango du saria. Donostiarrek partida onak eta txarra jokatu dituzte finaleko fasean, eta argi dago zein eratakoa egin beharko duten historiako hirugarren liga irabazteko.
Belar hockeyan, Reala ondo baino hobeto itzuli zen ligako lehiara. Bartzelona azken sailkatua erraz gainditu zuten Zubietan, eta garaipenen boladari jarraipena emateko aukera izango dute Taburienteren zelaian, etzi, 13:00etan. Sailkapenean atzetik dituzte kanariarrak, baina joko maila ona erakutsi beharko dute saria eskuratzeko.
Futbolean, Realeko neskek hirunaka zenbatzeari ekin nahi diote. Berdinketen puntu soilek ez diote askorik balio talde txuri-urdinari goiko postuetan egonkortzeko. Bosgarren tokiari eusteko norgehiagoka jokatuko dute etzi, Zubietan (12:00). Azken aurreko postuan dago Jose Luis Sanchez Vera Realeko entrenatzaile ohiaren taldea. Horrela ere, ezustekoak eman dizkiete ligako talde indartsuei. Aldiz, Realeko mutilek ligari merezi duen arreta eskaini beharko diote, Europa ligatik kanpo geratu ondoren. Ezinari buelta eman, eta Rayori aurre egin beharko diote Madrilen, etzi, 18:30ean. Punturik batu ezean, Europara itzultzeko aukerak nabarmen zailduko dira.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek herenegun jokatu zuen 29. jardunaldiko partida, Valentziak Europa ligako partidako konpromisoak dituelako. Horrek mesede egin zien donostiarrei, arerio zail bat menderatu zutelako (67-63). Etxeko lanak ondo egin zituzten Gaska kiroldegian. Asteburuan, ordea, atseden hartuko dute. Bestalde, Gipuzkoa Basketek Kantabriaren pistan jokatuko du etzi, 17:00etan.
PARTIDAK
Eskubaloia
Emakumezkoen Espainiako Kopa, azken fasea
- Final-laurdenak: Bera Bera – Rocasa (gaur, ostirala, 16:00)
Izotz hockeya
Emakumezkoen ligako titulurako kanporaketa, finala
- Bosgarren partida: Majadahonda – Txuri Urdin (etzi, igandea, 13:30)
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 13. jardunaldia
- Taburiente – Reala (etzi, igandea, 13:00)
Futbola
Emakumezkoen liga, 22. jardunaldia
- Reala – Levante (etzi, igandea, 12:00)
Gizonezkoen liga, 28. jardunaldia
- Rayo – Reala (etzi, igandea, 18:30)
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 25. jardunaldia
- Kantabria – Gipuzkoa Basket (etzi, igandea, 17:00)