Reala gillotinatu dute
Txuri-urdinak Europa ligatik at geratu dira, penaltien final-zortzirenetako itzulerakoan burua galdu ondoren.

Ametsa eta amesgaiztoa dituzte hizpide Realaren eta Manchester Uniteden arteko atzoko partidako kronika gehienek. Batzuk beroaldian idatzitakoak dira, eta beste batzuk hotzagoak, neurtuagoak. Txuri-urdinak Europa ligatik kanpo geratu ziren, final-zortzirenetako itzulerako partida erabakigarrian amore emanda (4-1). Emaitza mingarriaz harago, kronika gehienek protagonista bera aipatzen dute: Benoit Bastien epailea. Izan ere, frantziarra izan zen kanporaketa baldintzatu, balantza desorekatu eta, bai, Reala gillotinatu zuena.
Joaneko berdinketa poltsikoan, txuri-urdinak ezustekoa ematen saiatu ziren Old Trafford antzoki zaharrean. 2022an lorturiko garaipena gogoan, balentria hura errepikatzen ahalegindu ziren. Penalti bati esker irabazi zuen Realak urte hartan, eta modu berean aurreratu ziren markagailuan, 10. minutuan. Bastien epaileak Mikel Oiartzabali adierazitako falta zuzendu zion VAR-ak, eta De Ligtek kapitainari penaltia egin ziola onartu behar izan zuen. Oiartzabalek ez zuen hutsik egin, joanekoan gertatu moduan (0-1). Dena dela, Realaren eta zaleen pozak gutxi iraun zuen, makina bat aldiz gertatu izan den moduan. Bastienek argiago ikusi zuen Zubeldiak Hojlundi egindako falta area txikian, eta etxekoei lehen penaltia eman zien, 16. minutuan. Bruno Fernandesek lortu zuen berdinketa (1-1). Ordutik aurrera, joan-etorrikoa izan zen lehen zatia, eta txuri-urdinen ezintasunak azaleratzen hasi ziren; jokoan eta maila psikologikoan.
Bigarren zatia hasi eta bost minutura, neurketako hirugarren penaltia adierazi zuen Bastienek. Berriz ere, Manchester Uniteden alde. Elustondok Dorguri egindako falta ere argi ikusi zuen, VAR sistemara jotzeko beharrik gabe. Zubeldiarena zalantzagarria izan bazen, Elustondori egotzitakoa sinestezina. Noski, Fernandesek, irribarre inozo eta guzti, etxekoen bigarren gola egin zuen, 50. minutuan (1-2). Amorruak eta ezinak itsututa, Realak gainbehera nabarmena izan zuen. Berdinketa lortzeko saiakera txikia egin zuten, gehiegi sinetsi gabe, eta aldaketek ez zuten taldea suspertu. Hori gutxi balitz, Bastienek jokalari txuri-urdinei aterako txartelak gillotinako xaflak ziruditen. Horrela, 64. minutuan txartel gorria atera zion Arambururi, Dorgu Remiroren aterantz bakarrik abiatzear zenean. Erabaki gogorregia izan arren, halako jokaldietan aplikatzen ari diren araua da.
Hamar jokalarirekin, kanporaketa erabakita geratu zen. Horrela ere, Bastien ausartu zen Manchester Uniteden aldeko hirugarren penalti bat adierazten. Realarentzat amesgaizto izan zen Dorguk berak esan behar izan zion ez zela penaltia izan. Horrek ondo islatzen du arestian aipaturiko desoreka. Azken minutuetan, etxekoek beste bi gol egin zituzten txuri-urdinen duintasun apurra zapaltzeko. Fernandesek bere hirugarren gola egin zuen 87. minutuan, eta luzapenean, Dalotek lortu zuen laugarrena.
Ingalaterrako ametsen antzoki zaharrean, borreroa frantziar bat izan zen, eta Reala bidali zuen gillotinara. Europa ligako ibilbidea bururik gabe bukatu ondoren, lepo gainekoa berreskuratu eta beste bi txapelketei behar bezala aurre egin beharko diete txuri-urdinek.