Silaben bidez hitzak lotuz, oroitzapenak josi
Haurtzaroan asmatutako jolas batetik abiatuta, 'Silaba beroa' ondu du Iratxe Esnaola Aldanondo donostiarrak. Hiztegia, abiadura eta zortea osagai ditu; baina garaipena lortzeko lehiaz haratago, familian edota lagunartean partekatutako uneak bidea direla nabarmendu du egileak.

Hitzez inguratuta bizi da Iratxe Esnaola Aldanondo (Amara Berri, 1983). Literaturan aritua, euskara irakaslea Groseko Irrintzi euskaltegian, eta haiek ardatz dituen Silaba beroa jokoaren sortzailea da. Umea zenean bere buruan egiten zuen jolas batean du iturburua. «Entzuten nituen esaldiak silabaka banatzen nituen eta asmo bat jartzen nion esaldiari, adibidez, eduki beharko zituela ez dakit zenbat silaba. Hor jolasten nintzen: kanpoko munduarekin komunikatua eta barruan jolasa egiten», gogoratu du. Haurtzaroko hazia duela bi urte ernatu zen eta, nola ondo ez badaki ere, zenbakiekin konbinatzea bururatu zitzaion. Lanari ekin, eta potentziala zuela ikusita, aurrera eramatea erabaki zuen. «Ideiak mundu guztiak ditu, asko eta onak, kontua da nor iristen den amaieraraino, nork daukan aukera eta indarra. Nire buruari esan nion gertatua gerta, burutuko nuela, hori bai, sufritu gabe bidean».
Ez zaizkio oztopoak falta izan, labur esanda, «prozesua abentura bat izan da»: diseinatzailea aurkitu eta ordaindu, elkarrekin lanketa egin, merkatua aztertu, ekoizpen kostuak direla-eta Txinan ekoitzi, handik ekarri… Dena berak egin du, erabat arrotzak zitzaizkion bi arlotan: ekintzailetza eta mahai jolasak. Azken horretan, diseinuaz arduratu den Sergio Ortiz topatu zuen —berea da La morada maldita, Espainiako jolas salduenetako bat— eta elkarlanean aritu dira. «Oso arretatsua da, beraz, onerako eta txarrerako, bere jarduna elkarren ondoan egin dugu. Asko lagundu dit eta ikusi dut komunitate oso kolaboratzailea dela», aitortu du. Marrazkiak, berriz, Jose Sotok egin ditu.
Ardura guztiak bere gain izan baditu ere, familiak eta lagunek babestu dutela dio; eta testatzeko ez zaizkio jokalariak falta izan: anai-arrebak, familia zabala, lagunak, ikasleak… «Denekin frogatu dut [barrez]». Haiei esker, arauak fintzen joan zen, batez ere, partidak «motzak eta entretenigarriak» izatearren; eta onartu du une horiek partekatzea izan dela bidean gehien gozatu duena.
Eutsi lehiari
S eta t duten bi silabako hiru hitz. Denbora. Santu, sator eta sortu (adibidez) idatzi. «Silaba beroa!» oihukatu. Hori da dinamika. Ateratako kartak dituen baldintzen arabera hitzak asmatzea, ahal bezain azkarren. Aurrena egiten duenak irabaziko du, betiere, akatsik egin ezean; bestela, gainerakoek jasoko dute puntu bana. Bost puntu lortzen lehenak irabaziko du. Garaipena lortzeko, ordea, zer da garrantzitsuagoa: gaitasun mentala, hiztegia, zortea…? Esnaolak ohartarazi duenez, erantzuna ez da horren argia, bidean ikusi baitu ustez abilago direnei lehiakortasunak eragitean akats asko egiten dituztela. «Barregarria da. Irabaziko zuela pentsatzen zenuenak, ez du egiten. Baina, berez, oso zorrotza bazara, hiztegi zabala baduzu eta oso azkarra bazara, irabazi beharko zenuke. Zenuke [barrez]». Puntuazio sistema, hain justu, hitzekin horren onak ez direnek ere irabazteko aukera izateko sortu zuen.
Hizkuntza maila anitzeko taldeentzat, hizkuntza ikasten ari direnentzat eta adinekoentzat egokia dela uste du Esnaolak
Haserreak saihesten laguntzeko, berriz, arautegi bat osatu zuen. Edonola, zalantzak agertzean begiratzea gomendatzen du egileak, «bestela, jolasteko gogoa galaraziko die». Zuzen-oker horiek «hitzekin zorrotzak» direnentzat dira, eztabaida batean erantzunik gabe gera ez daitezen. «Are gehiago, taldeak arauak aldatzea erabakitzen badute, ongietorria da».
Jolasaren euskarazko eta gaztelerazko aldaerak egin ditu, bakoitzak erosoen zaion horretan aritzea izan dezan. «Hemen dugun zortea da asko elebidunak garela eta bietan ibiltzeko aukera dugula, nahiz eta denok batean bestean baino hobetoxeago ibili. Egunerokoan nire buruak bi hizkuntzetan funtzionatzen du etengabe, niretzat naturala, da», argitu du.
Jolasa, jarrera moduan
Egitearen plazeragatik soilik ekin bazion ere, proiektua forma hartzen joan zen heinean, galdera bat piztu zitzaion: Nori bideratua da Silaba beroa? «Egia esan, oraindik latente dago». Hala ere, erantzunaren parte bat badu, zenbait erabiltzaile posible antzeman baititu, jolasari, hizkuntzari eta memoriari lotuta: hizkuntza maila anitzeko edozein familia edo lagunarte, hizkuntza ikasleak eta adinekoak, izan ere, «hiztegia eta memoria lantzeko bikaina da, eta abiadura taldeak jartzen du».
Onura horiez harago, jolasa «jarrera moduan» ezinbestekoa dela uste du Esnaolak. «Esna egotearekin, adi egotearekin, komunikazioarekin….Sartzea dibertimendu ideia hori egunaren monotonotasuna puskatzeko» lotzen du, hortaz, ez du jolas partikularrik behar, norbaiti txantxa bat egitea izan daiteke. Adiera horretan, jolas zalea dela dio, eta mahai jolasetatik dinamika ulertzeak erakartzen duela gehien. Edonola, zertan aritu baino garrantzitsuagotzat jo duen bizipena bera. «Gastatzen baduzu X denbora lagunez inguratuta edo familia kideekin jolasten istantaren testura aldatzen da. Probatu behar da. Partxisa nahikoa da, ez du izan behar zerbait iraultzailea».
Teknologia egunerokoaren eremu guztietan barreiatu den honetan, mahai jokoek hura alde batera utzi eta tarte bat hartzeko aitzakia bilakatu direla nabari du. «Badirudi gauzak egiten ditugula erreakzioz. Naturara noa, estresa kentzeko; jolasak hartzen ditut sakelakoa uzteko… Bitxia da, berez, gure egoera naturala baita komunikatu, jolastu eta naturan egotea». Joera hori bi beharrekin lotzen du amaratarrak, batetik, sozializatzea eta konpainia, eta bestetik, zerbait fisikoa izatea jolasteko. «Uste dut mahai jolasek ekartzen dutena gaur egun dela bildu, elkartu eta gauza fisikoekin egotea. Berriro sortzea haurtzaroan eduki genituen istant horien oroitzapena ekarriko diguten teknologia gabeko momentu horiek. Hori oso baliotsua da».
Jolas gehiago baditu testatuak, baina ez daki inoiz ekoitziko dituen. «Gogoeta fase batean nago. Ez dakit mahai jolasen mundua nola garatuko den, ezta fisikoki berriro horrelako zerbait egingo dudan ere».

Taldean eta binaka jolas daiteke, bakarka ere, baina ez da helburua. Dinamika erraza da: Karta bat atera, bertan dauden baldintzak paperean idatzi eta ekin. Txartel bakoitzean hiru jokaldi daude eta bakoitzaren betekizunak: Kontsonante pare bat, silaba kopurua eta zenbat hitz. Hiruak osatzen lehenak «silaba beroa» oihukatu behar du. Karta berdeak errazak dira, arrosak zailagoak, eta bitatik duten mistoak ere badira. Zailtasuna erabakitzeko, konbinazio hori duten hiztegiko hitz kopurua hartu dute kontuan: zenbat eta gehiago izan, errazago. Komodinak ere badira, hitz baten faltan partida ixteko erabil daitezke.
Horrez gain, aldaeratxo bat ere badu jokoak berak: Seguidillak. Karta urdinak dira, jokalariek bertan agertzen diren kontsonanteekin bi, hiru, lau, bost silabako hitzak egin beharko dituzte.
Jolasa Iratxeesnaola.com webgunean eros daiteke, 24,90 euroan.