Zapatari kartzela, Infernuan izan zen frankisten espetxe ezezaguna
Infernuan etxebizitzak eraikiko dituzte, aurki. Horretarako, noski, aspalditik abandonatuta dagoen auzunea eraitsi behar dute. Eraisketa horretan ezabatuko da, behin betiko, hiriaren historiako puntu beltz eta ezezagunenetako bat: Zapatari kartzela.

Atzera begiratzean, sinestezinak diren gertakariak jasotzen ditugu gure hirian. Harrigarriki, Martutenen izan zen Kursaal bat eta Kursaalean kartzela bat. Donostia hiri txikia izan arren, izan zituen, bai, nahi baino kartzela gehiago. 36ko gerran honakoak prestatu zituzten faxistek kartzela gisa: Ondarretakoa, Kursaalekoa, San Jose de la Montaña ikastetxea, San Jose babes etxea —emakumeentzako soilik— eta orain behin betiko eraitsiko duten Zapatari kartzela, Infernuan. Hori gutxi ez, eta Falangeak atxilotzeko eta torturatzeko erabiltzen omen zituen hainbat lokal; ezagunena, Bulebarrekoa.
Gerra testuinguruan erabili ziren presondegi hauek, eta gerra ostean gehienak itxi zirenez gero, frankismoak ez zuen jaso bertan gertatutakoa. Denborarekin ahanzturan erori dira, ahanztura interesatuan.
Zubiberri
Joxemi Sanchezek ez zuen Zapatariko kartzela ezagutu, kartzela zenean behintzat. Ordea, eraikin horretan bertan jaio zen, kartzela itxi eta urteetara. 1954ean, hain zuzen. «Txikia nintzela, gure eraikineko lehenengo solairura jaisten ginen jolastera lagunak, eta zeldetara jaisten ginela oroitzen dut», azaldu du. Gerora, ohartu zen Zapatariko kartzelan ari zirela jolasten.
Sanchez jaio zen eraikineko bigarren solairua 1951. urtean eraiki zuten, enpresako auto eta furgoneta gidarientzat, eta abar. Eraikinaren lehenengo solairua, ordea, 1930erako eraikia zegoen. Aurrezki Kutxa Probintzialak eraiki zuen, biltegi beharretarako, eta erabilera hainbat aldiz aldatu zen arren, ez da titulartasun aldaketa ofizialik ezagutzen.

1937ko abenduaren 31an Zapatariko kartzelan zeuden presoen errolda agiria. 366 preso izatera heldu zen kartzela.Irutxuloko Hitza
Kartzela bihurtzea
1933an, Espainiako II. Errepublikaren garaian, gobernadore zibilak diputazioari eskatu zion eraikina Eraso Guardia [Guardia de Asalto] deitzen zen errepublikako Polizia sortu berriak erabiltzeko. Pentsatzekoa da haiek jarriko zituztela zeldak eraikin horietan, baina ez da inolako erregistrorik ezagutzen. Edonola ere, 1936ko irailean, faxistak Donostiara sartzean, izugarrizko errepresioa izan zenez, eta nahikoa lekurik ez kartzeletan, eraikin gehiago hasi ziren erabiltzen kartzela gisa. Kontuan izan behar da ez zirela soilik Donostiako presoak sartzen: Gipuzkoa eta Bizkaia osotik ekartzen zituzten presoak.
Aipatu kartzelez gain, beraz, Zapatariko kartzela erabili zuten faxistek Ondarretako kartzelaren «osagarri» gisa. Ez dago inolako erregistro ofizialik zein izan ziren erabilitako eraikinak. «Zubiberri kaleko 6., 8. eta 10. zenbakietan egon zela esan ohi da; baina gu 4.ean jaio ginen, eta eraikin hori, behintzat, ziur erabili zutela», dio Sanchezek.
Ascension Badiolak EHUn egindako doktore tesian jasotzen denez, Zapatariko kartzela «ikusitako dokumentu guztietan» ageri da Ondarretako espetxearen «osagarri» gisa, eta, beraz, «egokitutako eraikin» bat zen. Badiolak dokumentu zehatzik aurkeztu ez bazuen ere, ziurtatu zuen gerra ostean itxi zutela: «Espetxe hori 1940ko hasieran itxi zuten, eta preso guztiak Ondarretara eraman zituzten».
366 preso izatera heldu zen
Sanchezek egindako lanari esker, dokumentu garrantzitsu batera sarbidea izan du IRUTXULOKO HITZAk: 1937ko abenduaren 31ko Zapatariko kartzelako errolda. Errolda horretan, Zapatariko espetxean zeuden 366 presoen izen-abizenak, adinak eta lanpostuak jasotzen dira. Nabarmentzekoa da ofizioetako langileak zirela gehien-gehienak.
Oso garrantzitsua da errolda hau, frogatzen baitu ez zela «sarrerako atxilotze zentro bat», baizik eta kartzela bat, bere horretan.
Dokumentu garrantzitsu batera sarbidea izan du Irutxuloko Hitzak: 1937ko abenduaren 31ko Zapatariko kartzelako errolda
Badiolak egindako ikerketan azaltzen duenez, Ondarretako kartzela, eta, ondorioz, Donostiako presondegiak, ez ziren garai hartan beste leku batzuetan izan zirenak bezain gogorrak. Konparatzeko leku txar asko zeudelako da hori, baldintzak tamalgarriak zirelako. Honela zioen Ondarretako preso batek: «Arrantxoarekin gosez hiltzen da bat. Zazpietan, kartzelan honako hau ematen dute: ogi bat, baso bat kafe (azukrerik eta esnerik gabe); plater bat garbantzu edo dilistak hamabietan eta ogi zopa plater bat seietan. Ogia oso txarra da, baina ona izan daiteke egunean bi erreal ordainduta».
Aipamen solte batzuez gain, ez dago Zapatari kartzelaren inguruko askoz informazio gehiagorik: segurtasun neurriak ez zirela zorrotzegiak —ez baitzegoen horretarako prestatuta—; ihesaldi txiki bat izan zela eta auzoan entzuten diren hainbat esamesa: Paulino Uzkudun boxeolari faxista bertan izan zela kartzelari eta torturatzaile, eta are, auzunearen izena ez ote datorren bertan errepublikazaleek pasatutako «infernutik». Azken teoria honek ez dirudi oso ziurra, lehendik ba omen zegoelako inpernu deitura erabiltzen zuenik.
Edonola ere, harrigarria da gune horren inguruko lanketa eskasa; Donostiaren historiako egun beltzenak ez egotea gorriz gure egutegietan. Paretek hitz egiten dute, eta orain eraitsiko badituzte ere, memoriak hor iraungo du, kontatzen dugun bitartean. Faxistek eraiki zuten hiri eredu horren zutabe bakar bat ere zutik geratu ez den artean.