Realeko belar hockeyko neskek ez dute amore ematen

Bidetik onetik jarraitzen du Realeko belar hockey taldeak. Atzo eguerdian, berdinketa on bat lortu zuten Taburienteren aurka La Estupan. Lehen zatian, 3-0 atzetik joan arren, bigarrenean erreakzionatu eta partida berdintzea lortu zuten. Azken momentuan irabazteko aukera izan bazuten ere, puntu baliotsua eskuratu zuten. Datorren astean, Poloren aurka jokatuko dute, etxean.
Futbolean, ez da asteburu ona izan Realaren gizonezkoen eta emakumezkoen taldeentzat. Neskek 1-2 galdu zuten Levanteren aurka, Zubietan. Amaiurrek markagailua inauguratu zuen lehenengo zatian, baina bigarrenean kanpokoek emaitzari buelta eman zioten. Txuri urdinek azken unean berdintzeko aukera izan zuten, baina ez zuten lortu. Porrot gogorra izan zen, eta datorren igandean Atletico Madrilen aurka neurtuko dituzte indarrak. Mutilen kasuan, 2-2 berdindu zuten Vallecasen. Hasieran aurrea hartu zuten Zubimendiren golari esker, baina Rayoko Trejok berdindu eta gero, Diazek gola sartu zuen markagailua iraultzeko. Donostiarrek azkar erantzun zuten Arkaitz Mariezkurrena gaztearen golarekin. Realaren bigarren taldeko aurrelariak aukera ondo baino hobeto aprobetxatu zuen. Orain selekzioen geldialdia tokatzen zaie, eta martxoaren 29an Valladoliden kontra jokatuko dute, Anoetan.
Izotz hockeyan, Txuri Urdinek liga irabazi du hirugarrenez (2-3), bost partidaren ostean, Majadahondaren aurka. Gainera, Espainiako Liga gehien irabazi duten hirugarren kluba bihurtu da.
Eskubaloian, Bera Bera taldeak bederatzigarren aldiz irabazi zuen Espainiako Kopa, Beti Onak 21-30 garaituta. Garaipen honekin, beste lorpen garrantzitsu bat gehitu dute, eta 2026ko Kopa Donostian jokatuko da.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek luzapena behar izan zuen atzo, garaipen garrantzitsu bat lortzeko Kantabriaren pistan (101-108). Partida bizia jokatu zuten Mikel Odriozolaren mutilek.
EMAITZAK
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 13. jardunaldia
- Taburiente 3 – Reala 3
Futbola
Emakumezkoen liga, 22. jardunaldia
- Reala 1 – Levante 2
Gizonezkoen liga, 28. jardunaldia
- Rayo 2 – Reala 2
Izotz hockeya
Emakumezkoen ligako titulurako kanporaketa, finala
- Bosgarren partida: Majadahonda 2 – Txuri Urdin 3
Eskubaloia
Emakumezkoen Espainiako Kopako finala
- Beti Onak 21 – Bera Bera 30
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 25. jardunaldia
- Kantabria 101 – Gipuzkoa Basket 108