Udaltzaingoaren patruila batek istripua izan du Grosen, motozale bati segika ari zirela

7:45ean gertatu da istripua, Grosen, Ategorrieta inguruan. Donostiako Udaleko iturriek azaldu dutenez, udaltzainek “motor gidari bat ausarkeriaz gidatzen ikusi dute” inguru horretan eta haren atzetik joan dira. Jazarpenean ari zirela, ordea, Udaltzaingoaren auto batek istripua izan du, Jaialai inguruan. Agenteak ondo daude eta ez dute asistentzia medikurik behar izan, udalak azaldu duenez.
Handik gutxira, beste patruila batek motozalea gelditu du Marrutxipiko lotunearen inguruan. Udaleko iturriek emandako informazioaren arabera, gidaria 39 urteko gizon bat da eta bi puntu zituen gidabaimenean. Ausardiaz gidatzeagatik salatua dutenez, ordea, sei puntu kenduko dizkiote eta, beraz, gidabaimenik gabe geldituko da.
Horrez gain, udaleko iturriek jakinarazi dute motozaleak positibo eman duela drogen kontsumoan. Bestalde, atestatua egiterakoan, udaltzainek hainbat lekukoren testigantzak jaso dituztela azaldu dute udaletik, eta lekuko horien arabera, “motor gidariak, bere jarrerarekin, hainbat oinezko eta istripua izan duten udaltzainez gain, hainbat gidari arriskuan jarri ditu”. Hori dela eta, auzia bide penaletik eramango dute eta horren ondorioak izan daitezke urtebetez gidabaimena kentzea eta kartzela zigorren bat jasotzea.