Aberri Egun bateratuaren kartela aurkeztu dute
Apirilaren 11n Kursaalean egingo duten ekitaldi berezirako sarrerak dagoeneko eskuratu daitezke.

Gutxi falta da Euskal Herria Batera ekimenak antolaturiko Aberri Egun bateraturako. Apirilaren 11n izango da, eta ekitaldi berezi bat egingo dute Donostiako Kursaalean. Hain zuzen ere, leku berean aurkeztu dute Joseba Larratxe marrazkilariak egindako kartel koloretsua. Garai zaharreko estetika modernoarekin uztartu du. Era berean, ekitaldirako sarrerak eskura jarri dituzte helbide honetan.
Aurkezpenean, Xabier Euzkitzek aurreratu du ospakizunaren oinarria pieza kultural bat izango dela. Manex Fuchs, Lorea Agirre eta Martxel Rodriguez arduratu dira hori egituratzeaz, eta hainbat elementu uztartuko ditu: dantza, hitza eta kantua.
Bestalde, Ekhiñe Atorrasagastik azaldu du ekitaldiaren berri izan duela euskal diasporak, telematikoki egindako aurkezpen baten bidez: “Abagune paregabea da munduan zehar daudenekin bat egiteko. Urrundik bada ere, Aberri Egun bateratua aldarrikatzeko eta ospatzeko beharra azpimarratu ziguten”.