Behin-behinekoa eta ordainpekoa
Bi egun daramatza irekita Donostia Ospitaleko behin-behineko aparkalekuak, baina ez ditu berme guztiak betetzen.

Atzerapenak atzerapen, atzo zabaldu zuten Donostiako ospitaleko behin-behineko aparkalekua. Ordea, aparkaleku faltaren arazoa ez da konpondu. Izan ere, aparkaleku berriak 7.500 metro koadro eta 234 plaza ditu, eta ordainpekoa da. Orain gutxi arte ospitaleko erabiltzaileentzako zen 555 plazako aparkalekuak baino askoz toki gutxiago ditu. 330 plaza ditu orain, egiten ari diren lanengatik murriztu dutelako.
Hain zuzen ere, aparkaleku handi horren alboko lursail batean kokatu dute behin-behineko aparkalekua. Ireki duten arren, sarbideko barrerarekin arazoak izan dituzte eta aparkalekura iristeko seinalerik ez dute jarri ospitalearen inguruetan. Begiristain Doktorea pasealekutik du sarbidea, ama-haurren eraikinera eta larrialdietakora sartzeko bidetik.
Bi urte
Behin-behineko aparkalekua bi urtez egongo da erabilgarri, protoi terapiako eta kanpoko kontsultetako eraikinak egin bitartean. Bestalde, apirilean hasiko dira kanpo kontsultetako eraikinaren obrak egiten. Espero dute protoi terapiako eraikina 2026an bukatzea, eta kanpo kontsulten eraikina, berriz, 2027tik 2028ra bitarte.