Aste Santuan greba egingo dute Telpark enpresako langileek

Telpark enpresako langileek sare sozialen bidez jakinarazi dutenez, greba egingo dute Aste Santuan. Zehazki, apirilaren 17ko 07:00etatik 21eko 23:00ak arte. Duela bi egun egindako langileen batzarrean hartu zuten erabakia, enpresak ez dituelako lan baldintzak hobetzeko eskaerak aintzat hartu.
Iazko irailean hasi ziren mobilizatzen. Segurtasun falta eta murrizketak salatu zituzten, eta, ordutik, egoerak ez du hobera egin. Hori dela eta, otsailean lanuzteak egin zituzten. Horren harira, ELA sindikatuak lan gatazkaren berri eman zuen.
“Empark Aparcamientos y Servicios enpresa multinazionalak lau pertsona kaleratu zituen urtarrilean aparkalekuak kudeatuko dituen enpresa berri bat kontratatu ahal izateko. Horrek zerbitzu publiko baten gehiegizko azpikontratazioaren kateatzea dakar”, kritikatu zuen ELAk. Easo, Katalunia plaza, Atotxa, Bulebar, Okendo eta Kontxa azpian dauden aparkalekuak kudeatzen ditu enpresa horrek.
Lau pertsona kaleratzeaz gain, enpresak lan baldintzak aldatu eta gaueko txanda desagerrarazi nahi duela gaineratu zuten. ELAren arabera, horrek ez du bermatzen ez zerbitzu ona ez aparkalekuen funtzionamendu ona izatea. “Aparkalekuen segurtasuna ere ez du bermatzen, erabiltzaileek Madrilgo zentralarekin komunikatzen den interfonoa erabili beharko baitute edozein arazo edo ezustekoren aurrean”, adierazi zuten.
Bestalde, ELAk gogorarazi zuen aparkalekuak publikoak direla, nahiz eta enpresa kudeatzaileak pribatuak izan, eta Donostiako Udalak zerbitzua enpresei esleitzeko duen erantzukizuna kritikatu zuen.