Etsaiak agurtzen

Lagun batek kontatu zidan motoan ibiltzen zen bikote baten istorioa, kaskoa jantzita zebilela beti. Kontua da motoa puskatu zitzaiela, edo apurtu, edo gastatu, edo dena delakoa, eta bikoteak jarraitzen zuela kaskoa jantzita. Eta kontua da, babestekoa zen kaskoak, orain, arazo gehiago ematen ziela babesa baino, tabernetan sartzen ziren bakoitzean jende guztiaren aurka txokatzen zirelako.
Hor botata dagoen boxeo eskularru hori zer da? Behin borrokan zebilen bikote batena? Zergatik dago zaharkitua? Golpe asko eman zituelako edo aspaldi jotzen ez duelako? Borrokatzea hautu bat da? Edo ihes egin ezinezko patu bat? Barkatzea zer da, hautu bat edo patua? Barkamena zer da, bizikidetzarako oinarria, moral kristaua edo botere logika?
Aizu, zeren batzuetan borrokatzea ezinbestekoa da, are biolentzia erabiltzea ere —ezker-eskuin denak ados honetan, kontrakoa esan arren—. Nik nahiko nukeena da etsaiez ez nahastu sekula.