Ibaeta Basketen atzerako kontaketa
Ligako azken aurreko partida jokatuko du igandean Donostiako saskibaloi taldeak, Jairisen kantxan.

Denboraldia bukatzeko bi neurketa falta zaizkio Ibaeta Basketi. Ligan hamar garaipen lortzea jarri zuen helburu gisa Azu Muguruza entrenatzaileak. Une honetan, bederatzi dituzte, eta bi jokoan. Beraz, posible da. Dena dela, ez dituzte arerio errazak izango. Etzi, Jairisen kantxan jokatuko dute donostiarrek, 12:00etatik aurrera. Sailkapeneko bosgarren tokian daude, eta joko ona erakutsi dute sasoi osoan zehar. Apirilaren 19an, berriz, Lugoko Ensinoren pistan jokatuko dute bigarren eta azken partida. Sailkapenean hamaikagarren postuan daude, eta Ibaeta Basketen parekoak dira. Bestalde, Gipuzkoa Basketek Illunben jokatuko du etzi, Burgos talde indartsuaren kontra (18:00).
Eskubaloian, Bera Berak ez du atseden hartzeko tarterik. Herenegun, Morvedre hartu zuten mendean Gaska kiroldegian (36-25), eta dagoeneko ligako hurrengo arerioa zain dute: Barakaldoko Zuazo. Bihar jokatuko dute euskal derbia, 19:45ean. Sailkapeneko hirugarren tokian daude donostiarrak, eta ligako fase erregularra horrela bukatuko dutela dirudi. Oraindik lau norgehiagoka jokatu beharko dituzte titulurako kanporaketak hasi aurretik.
Belar hockeyan, Realak Espainiako Kopa presente izango du ligan. Egara kataluniarrek kanporatu zituzten txuri-urdinak finalerdietan, eta, gero, finala irabazi zuten. Hain zuzen ere, Reala berriz ere jokatuko du Terrassan etzi, 11:00etan. Kopako arantza kentzea lortuko al dute?
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek Espainiako Kopako final-laurdenetako bigarren eta azken partida jokatuko dute. Majadahonda izango dute aurrez aurre, bihar, 22:00etan. Finalerdietara sailkatzeko ezusteko handiegia eman beharko dute, Huarteren kontrako beste neurketa galdu egin zutelako.
Futbolean, Realak liga baino ez du jokoan. Kopatik kanpo geratu berritan, bederatzi final jokatuko dituzte txuri-urdinek. Valladolidi estu eta larri irabazi ostean Anoetan, Las Palmasen zelaian ariko dira etzi, 14:00etan. Etxetik kanpo ere puntuak batzea ezinbestekoa da Realarentzat Europarako sailkatu nahi badu. Matematikek ematen duten bitartean, ahalegin berezia egin beharko dute. Une honetan, bi puntura dituzte zazpigarren eta zortzigarren postuak.
PARTIDAK
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 28. jardunaldia
- Jairis – Ibaeta Basket (etzi, igandea, 12:00)
Gizonezkoen bigarren maila, 28. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket – Burgos (etzi, igandea, 18:00)
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko liga, 23. jardunaldia
- Zuazo – Bera Bera (bihar, larunbata, 19:45)
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko liga, 15. jardunaldia
- Egara – Reala (etzi, igandea, 11:00)
Izotz hockeya
Gizonezkoen Espainiako Kopa, final-laurdenak
- Majadahonda – Txuri Urdin (bihar, larunbata, 22:00)
Futbola
Gizonezkoen liga, 30. jardunaldia
- Las Palmas – Reala (etzi, igandea, 14:00)