Migratzaileekin mahai jolasetan aritzeagatik Poliziak hainbat herritar «identifikatu eta jazarri» ditu Egian
Ondoan dagoen tabernako jabeak Poliziari deitu, eta taldeko kideekiko "probokazioz" aritu zela salatu dute Guztiontzako Egia kolektiboko kideek.

Gutxi gorabehera, hilabetean behin hartzen dute Blas de Otero plaza Guztiontzako Egia auzotar sareko kideek. Poliziaren presentzia nabarmena izaten den arren, atzo jazotakoa “orain arte ez dela gertatu” salatu zuten. Kolektiboaren egitasmoa, hilabetean behin, Blas de Otero plazan, kale egoeran dauden migratzaileekin eta gainontzeko auzotarrekin jarduera kultural bat egitea da, “auzotarren arteko harremana hobetzeko asmoz”.
Atzokoa, ordea, ezberdina izan zen. Jarduera Udaltzaingoari komunikatu zitzaion arren, ondoan dagoen tabernako jabeak Poliziari deitu ziola salatu dute. Jabea haien ondotik pasa, eta “orain nork egiten du barre?”, galdetu zien, azaldu dutenez. Kolektiboko kideek kontatu dutenez, “bat-batean”, udaltzain eta ertzainez inguraturik zeuden: “Gure inguruan jarri ziren, gutxienez hamabost polizia, eta identifikatu egin gintuzten”. Jolasek iraun bitartean, “itogarria” izan zen haien presentzia, eta jarduera bukatzean, salatu dutenez, kolektiboko kide bat bere autoraino jarraitu zuten, matrikula zenbakia jasoaz.
Jarduera “erabat baketsua” zela argitu dute: “Mahai jolasetara jolasten ari ginen, arkupean, musika apur batekin, eta txokolate bero pixka batekin. Ez zegoen inolako segurtasun arazorik honelako Polizia erakustaldia egiteko. Nori ari ginen molestatzen?”, galdetu dute.
Edonola ere, jarduera modu “ederrean” igaro zela nabarmendu dute, “kale egoeran daudenekin momentu goxo bat igaroz”. Aurrera begira, plazan jarduerak egiten jarraituko dutela argitu dute, eta egoera salatuko dutela, baita ere tabernariak izandako jarrera: “Jendeak jakin behar du zer gertatzen den hemen. Gauzak ondo egiten saiatzen garen arren, jazarpena jasotzen dugu. Salbuespen egoera erabatekoa da”.