Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna ospatu dute, ijitoen borroka oroituz
Donostiako Udalak Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna ospatu du eta penintsulara iritsi zenetik 600 urte bete direla gogoratu du.

Apirilaren 8 honetan, Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna dela eta, Donostiako Udalak, Eneko Goia alkateak eta Iñigo Garcia zinegotziak gidatuta, osoko bilkuren aretoan hartu ditu Agifugi, Kamelamos Adiquerar eta Ijitoen Idazkaritza Fundazioa hiriko ijito elkarteen ordezkariak. Ekitaldi instituzional honek udalak ijito komunitatearekin duen “konpromisoa berretsi du” eta, gainera, lehen ijitoak Iberiar penintsulara iritsi zireneko 600. urteurrena gogoratu du, 1425eko urtarrilaren 12an dokumentatua.
Parte hartu duten elkarteek agiri bat irakurri dute ijito-herriaren errekonozimendua aldarrikatuz, eta baita ijito herriaren borroka eta erresistentzia ere. Jasandako zapalkuntza ekarri dute gogora, eta “ez ahazteko” konpromisoa hartu dute.
Hezkuntza eta Aniztasun zinegotzi Garciak ospakizun honen garrantzia azpimarratu du: “Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna komunitate honen kultur aberastasuna eta gure gizartean duen funtsezko papera aitortzeko aukera bat da. Aurten, gainera, 600 urte bete dira penintsulara iritsi zela. Donostiako Udalak berdintasunarekin, aniztasunarekin eta bere ondarea ikusaraztearekin dugun konpromisoa berresten dugu. “
Urteroko legez, Donostiako Nautikoan egin da Ibaiaren Zeremonia, ijito herriaren ohiko erritua. Omenaldi hunkigarri honetan kandelak pizten dira, “jada ez daudenen argia, itxaropena eta oroimena irudikatzeko”. Jarraian, petaloak itsasora botatzen dira. azaldu dutenez, “keinu espiritual horrek ijito herriaren bidaia, oroitzapena eta nomaden sustraiekiko lotura sinbolizatzen ditu, baita naturarekiko errespetua ere”.
Udaletxeko fatxadak ere ijito herriaren bandera jantzi du, komunitate horrekiko elkartasuna, errespetua eta errekonozimendua adierazteko.