Zaintzaren eta emakume zaintzaileen inguruko jardunaldi bat egingo dute gaur Deustuko Unibertsitatean

Gizarte Lanaren Munduko Eguna ospatzeko, Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien fakultateak Zaintzaren eta Emakume Zaintzaileen Duintasuna: elkarrizketa hiru ahotsetara ekitaldia egingo du gaur Donostiako campusean. Lan Duina Zaintza Duina proiektuak antolatu du ekitaldia, eta gaur egungo gizarte erronka premiazkoenetako bati buruz hausnartuko dute bertan: zaintza lana duin bihurtzea eta lan horretan ari diren emakume langileak ikusaraztea, bereziki emakume migratzaileak. Jardunaldia 09:00etatik 18:00etara izango da.
Topaketak hiru ardatz nagusi izango ditu: ekofeminismoa eta zaintzaren jasangarritasuna, etxeko lanetako lan eta segurtasun araudia, eta migrazio erreforma. Ikuspegi intersekzional horren bidez, zaintza emateko egungo sistemaren hauskortasuna landu nahi dute, eta gizarte justizia, berdintasuna eta eskubideak aitortzea sustatzen duten beste aukera batzuk aztertu.
Jardunaldian gizarteko eta politika arloko pertsona ezagunek hartuko dute parte, horien artean, Yolanda Diaz Espainiako gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroak. Diazek zaintzaren sektoreko arau esparruaren aurrerapausoen eta erronken inguruko bere ikuspegia azalduko du (Loiola Centrumean, 16:15ean). Ekitaldian hainbat motatako saioak izango dira: hasierako hitzaldiak, gizarte eta politikako eragileekin osatutako elkarrizketa mahaiak, eta eztabaida parte hartzaileko espazioak, bertaratzen diren pertsonek ideiak trukatzeko eta irtenbideak proposatzeko aukera izan dezaten.
Espainiako gobernuko bigarren presidenteordeaz gain, Nerea Melgosa (Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko kontseilaria) Maite Peña (Gipuzkoako Foru Aldundia) eta Aizpea Otaegi (Errenteriako alkatea) ere izango dira jardunaldian, zainketen ereduari buruzko autonomia erkidegoetako eta tokiko proposamenen inguruan hitz egiten.
Ekitaldiak, emakume zaintzaileen lana ospatzeaz gainera, ekintzarako deia egiten dio publikoari, “zaintza sistema bidezkoagoa, duinagoa eta inklusiboagoa eraiki dezagun”.