Ibaeta Berri promozioaren ondoren, Zeruene aurkeztu dute
Ibaetako Zubiberri auzunean 135 etxebizitza libreko promozioa abiatu du Loiola higiezinen agentziak.

Euskarazko izenak jarri dizkiete Zubiberri auzunean, eta Infernu zaharrean, eraikiko dituzten urbanizazio pribatuei. Martxoa hasieran, Ibaeta Berri promozioa abiatu zuen Amenabar enpresak, 135 etxebizitza librerekin. Kopuru berekoa da Loiola higiezinen agentziak —Altuna y Uria taldekoa— aurkeztu duen Zeruene promozioa; hau ere, 135 etxebizitza librekoa. Gela bat, bi edo hiru izango dituzte, eta 54 eta 120 metro koadro bitartekoak izango dira.
Izaskun Larzabal arkitektoak atzo eman zituen promozio berriaren xehetasunak. Zeruene urbanizazioko etxebizitzak zortzi eta hamahiru solairuko bi bloketan kokatuko dituzte. Lehenak 35 etxebizitza izango ditu, eta dorre formako bigarrenak 100. Eta, noski, guztiek izango dute terraza. Etxebizitzen prezioen inguruko informaziorik ez dute jakinarazi.
540 etxebizitza
Ibaetako Zubiberri auzune berrian 540 etxebizitza eraikiko dituzte guztira. Horietatik erdiak, babes publikokoak izango dira —135 babes ofizialekoak eta 135 tasatuak—, eta beste erdiak libreak. Hain zuzen ere, libreak diren bi promozioen xehetasunak dagoeneko argitaratu dituzte bakoitzaren sustatzaileek.