Akordioa lortuta, bertan behera utzi dute Telparkeko langileek greba

Akordioa lortuta, bertan behera utzi dute Aste Santurako iragarrita zuten greba Telparkeko langileek. Akordioari esker, gaueko txandako plusa berreskuratuko da, ordutegietan aldaketa lortu da, eta funtsezkoena: enpresak bi pertsona kontratatuko ditu apirilean.
“Guk behin-betiko kontratazioak nahi genituen, gauez pertsona bakarra egon ez zedin. Oraingoz, behin-behinekoak dira kontratazio hauek, eta aparkalekuak itxi bitarte egongo dira langileak”, azaldu dio hedabide honi enpresa batzordeko ordezkariak. Parkinak ixten direnean, beraz, Bulebarrean langile bakarra geratuko da berriz ere.
Iazko irailean hasi ziren mobilizatzen. Segurtasun falta eta murrizketak salatu zituzten, eta, ordutik, egoerak ez du hobera egin. Hori dela eta, otsailean lanuzteak egin zituzten. Horren harira, ELA sindikatuak lan gatazkaren berri eman zuen.
“Empark Aparcamientos y Servicios enpresa multinazionalak lau pertsona kaleratu zituen urtarrilean aparkalekuak kudeatuko dituen enpresa berri bat kontratatu ahal izateko. Horrek zerbitzu publiko baten gehiegizko azpikontratazioaren kateatzea dakar”, kritikatu zuen ELAk. Easo, Katalunia plaza, Atotxa, Bulebar, Okendo eta Kontxa azpian dauden aparkalekuak kudeatzen ditu enpresa horrek.
Bestalde, ELAk gogorarazi zuen aparkalekuak publikoak direla, nahiz eta enpresa kudeatzaileak pribatuak izan, eta Donostiako Udalak zerbitzua enpresei esleitzeko duen erantzukizuna kritikatu zuen.