60 urte bete ditu Parte Zaharreko Jose Mari tabernak

Parte Zaharreko Fermin Calbeton kaleko 5. zenbakian dago Jose Mari taberna. Zaharrenetarikoa da, 60 urte bete berri dituelako. Hori dela eta, urteurrena ospatzeko ekitaldi bat egin zuten. Josean Merino jabeak hainbat lagunekin, ostalariekin, sukaldariekin eta kazetariekin ospatu zuen.
Aitzol Zugasti arduratu zen ekitaldia aurkezteaz, eta gastronomiaren munduko sukaldari ezagunek parte hartu zuten. Esaterako, Hilario Arbelaitz oiartzuarrak. Bestalde, Rafael Garcia Santosek Donostiako pintxoen tradizio sakonari buruzko hausnarketa eskaini zuen, kultur adierazpen gisa izan duen bilakaera eta garrantzia azpimarratuz. Bestalde, Marti Buckley idazle eta kazetari estatubatuarrak euskal gastronomiak estatuko sukaldaritzan duen garrantziaz hitz egin zuen.
“Unerik hunkigarrienetako bat lokalaren tradiziorik berezienetako baten errepasoa izan zen: paretan txanpon bat utzi eta desio bat eskatzea. Mundu osoko bezeroek txanponak utzi dituzte Jose Mariren hormetan, Zaporeak elkarteari ematen zaizkionak, errefuxiatuei janari duina eta beroa ematen dien erakundea”, adierazi dute tabernako arduradunek.