Ibaeta Basketek mailari eutsi dio
Donostiako saskibaloi taldeak Lugon lortu du denboraldiko helburu nagusia.

Larunbatean bukatu zen emakumezkoen lehen mailako saskibaloi ligaren fase erregularra. Bale edo kale egiteko partida zuen Ibaeta Basketek, eta garaipen garrantzitsua eskuratu zuen Lugoren kantxan (64-74). Hamar garaipen behar zituzten mailari eusteko, eta hamargarrena azken jardunaldian lortu zuten. Azu Muguruzaren neskek algara batean ospatu zuten lorpena, eta emakumezkoen maila gorenean jarraituko dute datorren denboraldian. Gipuzkoa Basketek, berriz, beste garaipen garrantzitsu bat lortu zuen Illunben. Oraingoan, Oviedo hartu zuten mendean (99-92). Horri esker, bederatzigarren postuan daude. Hau da, ACB ligara igotzeko kanporaketetara sailkatzeko moduan.
Eskubaloian, Bera Berak ligako fase erregularra ondo bukatzea du helburu, titulua lehiatzeko fasera indartsu iristeko. Larunbatean, Kanaria Handiko Rocasa gainditu zuten Gaska kiroldegian, partida oso txukuna jokatuta (35-27). Bi jardunaldiren faltan, sailkapeneko hirugarren postuan daude, eta okerrik ezean toki horretan bukatuko dute liga.
Futbolean, Realeko mutilen eta nesken taldeek berdindu egin dute asteburuan. Ordea, partida desberdinak izan ziren. Neskek irabazi ezinda jarraitzen dute, eta, berriz ere, etxean berdindu egin zuten Eibarren kontrako euskal derbian (0-0). Txuri-urdinak hobeak izan ziren arren, ate aurrean ez zuten asmatu. Denboraldi bukaeran Jose Luis Sanchez Verak taldea utziko duela iragarri berritan, Realak ezinean jarraitzen du. Aldiz, mutilek puntu garrantzitsua lortu zuten La Ceramica futbol zelaian, Vila-realen kontra (2-2). Txuri-urdinak galtzen hasi ziren arren, markagailua irauli zuten Mikel Oiartzabal kapitainaren bi goli esker —urtebete luze beranduago lortu zuen taldeak markagailua iraultzea—. Dena dela, etxekoek ez zuten amore eman, eta beste lau gol egin zituzten. Epaileak, ordea, bakarra eman zuen ontzat, arerioa nabarmen haserretuz. Txuri-urdinek aitortu moduan, erabakiek mesede egin zioten taldeari. Lorturiko puntuari esker, 42 dituzte orain, eta sailkapeneko bederatzigarren postuan daude.
EMAITZAK
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 30. jardunaldia
- Lugo 69 – Ibaeta Basket 74
Gizonezkoen bigarren maila, 30. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 99 – Oviedo 92
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 24. jardunaldia
- Bera Bera 35 – Rocasa 27
Futbola
Gizonezkoen liga, 32. jardunaldia
- Vila-real 2 – Reala 2
Emakumezkoen liga, 26. jardunaldia
- Reala 0 – Eibar 0