Gaurko egunez zendu zen Mario Salegi, duela hogei urte
2005eko apirilaren 22an zendu zen Mario Salegi Ostolaza borrokalari, idazle eta kazetari donostiarra, New Yorken. 36ko gerran gudaria izan zen, AEBetako itsas armadarekin Bigarren Mundu Gerran borrokatu zen eta FRAPekin, ETArekin eta euskal diasporarekin lotura mantendu zuen hamarkada luzez.

Hogei urte bete dira gaur, apirilak 22, Mario Salegi Ostolaza borrokalari, kazetari eta idazle donostiarra zendu zenetik, 87 urterekin. 1918ko apirilaren 17an Urgulleko gazteluko igoerako 17. zenbakian jaioa, Donostiak eman duen borrokalari sutsuenetako bat izan zen, eta bere bizitza garai baten isla izan zen. Hedabide honek Salegiren inguruko erreportaje zabala argitaratu zuen 2020an, haren heriotzaren 15. urteurrenean.
Hasieratik ezohikoa den bizitza horietako bat izan zen Salegirena, haren ama Escolastica Ostolaza ezkongabea zela eta 19 urte zituela jaio baitzen; garai hartan, gaizki ikusia zegoen hori eta ez zen batere ohikoa. Eduardo Salegi EAJko kidea zen haren aita.
Gazte murgildu zen Salegi politikan: 1931. urtean, Gobernu Zibila eraso zuten ezkertiarren amnistia eskatzeko manifestazioetan parte hartu zuen, eta Primo de Riveraren aurkako Federacion Universitaria Escolar erakundeko Donostiako idazkari nagusi izendatu zuten. Han, Jesus Larrañaga komunista ezagutu zuen, eta, haren bidez, PCE Espainiako Alderdi Komunistaren gazte erakundean sartu zen. 1935eko udan, Donostiatik Parisera oinez joan zen beste bi kiderekin, hiriburu frantsesean egitekoak ziren kongresu komunista batean parte hartzeko, baina Europako komunismoarekin haserre itzuli zen handik, eta PCE utzi eta Jagi-Jagin sartu zen.
Errepresioaren eta erbestearen ondorioz, euskara ahaztu egin zitzaion gerora Salegiri, baina umetan hitz egiten zuen eta, hain zuzen ere, horren harira izan zuen bere bizitzako lehenengo liskarretako bat, Iñaki Egaña historialari amaratarrak 1999an argitaratu zuen Mario Salegi. La pasión del siglo XX (Txalaparta) biografian Salegik berak azaldu zuenez: Zurriolako eskolako maistrak euskaldunei esan zien “basati batzuk” zirela, “Cervantesen hizkuntza ez hitz egiteagatik”. Salegik, orduan, tintontzia bota zion, eta maistrak, zigor gisa, Aldamar kaleko burdin hesian zintzilikatu zuen, Jesu Kristo balitz bezala. Irutxulo astekariak Salegi elkarrizketatu zuen, liburu horren argitalpenaren harira.

Mario Salegi donostiarra (eskuinean), 1990eko hamarkadan, Iñaki Egaña historialariarekin, bere biografia idazteko egindako elkarrizketetako batean, Salegiren etxean.Mario Salegi funtsa
36ko gerra
Altxamendu frankistarekin 36ko gerra lehertu zenean, Salegik, 20 urte pasatxo zituela, bere pistola hartu eta kalera irten zen, frankisten aurka borrokatzeko. Klub Nautikoa, Kasinoa eta Maria Cristina hotela eraso zituzten, eta, egun batzuk geroago, Loiolako kuartelen setioan parte hartu zuen. Verano del 36. Memorias de un gudari nobelan (Txalaparta, 2005) azaldu zuen Salegik esperientzia hori.
Donostian altxamendua gelditzea lortu ostean, ANVren lehenengo batailoia sortu zuten Salegik eta bere kideek, eta Irungo frontera bidali zituzten, Candido Sasetaren aginduetara. Bataila galduta zegoenean, Donostiara itzuli zen, ondoren Asturiasko frontean borrokatzeko. Irungo bizipenak 1980an argitaratutako Morir en Irun liburuan (Elkar) bildu zituen.
Asturiasen, Sabigainen, zauritu egin zuten eta bere aitak Santanderrera eraman zuen, EAJko kideekin batera babestuta. Santoñako hitzarmenaren ondoren, ordea, faxista italiarrek atxilotu egin zuten, eta El Duesoko espetxera eraman zuten. 30 urte eta egun bateko zigorra ezarri zioten, baina 1937tik 1940ra langile batailoietan aritu ondoren, aske utzi zuten, zerbitzu militarra egitera behartuta. Aldiz, desertatu egin zuen, eta EAJren lehenengo erresistentzia taldeetan aritu zen, soldadu britainiarren instrukzioa jasoz. 1988an argitaratutako Operación Carlomagno nobelan (Ediciones Libertarias) bildu zituen orduko bizipenak, 1988an.
Erbestea
1940ko hamarkadan, erbesteratu egin zen donostiarra eta New York hartu zuen bizileku. Bigarren Mundu Gerra abian zen, eta, 1943an, nazionalitate estatubatuarra lortzeko, AEBetako itsas armadan izena eman zuen. Ozeano Pazifikora bidali zuten armadako ontzietan 1944an, eta Filipinasko frontean borrokatu zen.
Gerraostean, Mexikon Filosofia eta Letretako ikasketak egin zituen, eta hango hedabide batzuetan idazten hasi zen. Urte batzuez Amerikako hainbat herrialdetatik korrespontsal lanetan aritu ostean, 1952an itzuli zen New Yorkera, eta Lincoln Brigada Internazionalistako festa batean ezagutu zuen Miriam Nurmberg, bere emaztea izango zena. Gerra Hotzaren garaia zen eta urte gogorrak pasatu zituen bikoteak, makartismoak gogor jazarri baitzituen, komunistak zirelakoan. Mexikora erbesteratu ziren horregatik, baina 1959an itzuli ziren New Yorkera.

Mario Salegi donostiarra eta bere emazte Miriam Nurmberg, 1960ko hamarkadan, Mexikon bizi zirenean.Mario Salegi funtsa
Erresistentzia antifrankista
Ibero American Books liburu denda ireki zuen Salegik New Yorkera itzultzean. Horren bidez, harremanak estutu zituen erresistentzia antifrankistako kideekin, lehenengo FRAPekoekin eta, gerora, ETAkoekin. Hain zuzen ere, ETAren finantziazioan eta erakundea armatuaren idatziak AEBetako euskal erbesteratuen artean zabaltzen aritu zen hainbat urtez. EAJko kideekin ere harremana izan zuen urte luzez, jeltzaleekin oso kritikoa bazen ere.
Bestalde, Manuel de Dios Unanuek, hil aurretik, bere artxiboa eman zion, eta dokumentu haiei esker atera zituen Txalaparta argitaletxeak El caso Galíndez. Los vascos en los servicios de inteligencia de EEUU (1999) eta Expediente vasco. CIA y FBI en Euskal Herria (2003) liburuak.
Salegiren eta Nurmbergen New Yorkeko etxea euskal herritar askoren etxea izan zen urte luzez, harreman estua izan baitzuen bikoteak diasporarekin zein Euskal Herriko mugimendu eta pertsona ezagun askorekin. Euskal Herriaren askatasuna izan zuen beti helburu Salegik, berak “tribua” deitzen zion herri horren askatasuna.
1970eko hamarkadatik, erregulartasunez etortzen zen Donostiara senide eta lagunak bisitatzera eta, hain zuzen ere, azken urteak Euskal Herrian pasatzeko asmoa zuen, baina pneumoniak jota hil zen New Yorken, 2005eko apirilaren 22an. Aralar mendian lurperatu zituzten bere errautsak, ekitaldi jendetsu eta hunkigarri batean. Hala laburbildu zuen Salegi nor zen Iñaki Egaña historialariak, 2020ko erreportajean: “Gutako bat zen. Berarekin munduaren amaierara arte joan zintezkeen”.