Aukera bat gutxiago atzerako kontaketan

Europako postuetara gerturatzeko beste aukera bat galdu zuen asteazken iluntzean Realak, Alavesen etxean 1-0 galduta. Eta gero eta gutxiago dira atzerako kontaketan gelditzen zaizkion aukerak: bost partida gelditzen dira liga amaitzeko, hamabost puntu daude jokoan eta lau puntuk banantzen dute talde txuri-urdina Europako postuetatik.
Gol aukera gutxiko partida izan zen oro har, baina babazorroek asmatu zuten eta txuri-urdinek ez. Brais Mendezen burukada batekin amaitu zena izan zen lehenengo zatian Realak arrisku gehien sortu zuen jokaldia eta Takek kanpora bidali zuen ezkerkada bat bigarren zatikoa. Ordea, ez zuten asmatu. Aldiz, Tenagliak sarera bidali zuen korner batean egindako errematea 65. minutuan, eta hori nahikoa izan zen etxekoek derbia irabazteko. Azken minutuetan, gol bat bertan behera utzi zioten Oskarssoni, jokoz kanpo zegoelako.
Athletic, Atletico Madril, Celta, Girona eta Real Madril. Horiek dira Imanol Alguacilen taldeak hurrengo partidetan izango dituen aurkariak, gogorrak denak. Beste urte batez Europan jokatu nahi badute, horien aurka emaitza onak lortzea baino ez zaie geratzen txuri-urdinei. Ez da erraza izango, baina ezta ezinezkoa ere.