Aita Donostia plaza berrituak oinezkoak lehenesten ditu
Bideak berrantolatu eta eremua urbanizatu ondoren, motordun ibilgailuen zirkulazioa arintzea da helburua.

Atzo ireki zituzten Amara Berriko Aita Donostia plaza berrituko bide guztiak, eta lehen orduak ez dira errazak izaten ari. Gaur goizean zirkulazioa motela eta trabatua izan da, bideen berrantolaketaren ondorioz. Motordun ibilgailuen erabiltzaileek denbora beharko dute ohitzeko. Izan ere, Aita Donostia plaza berriak oinezkoak eta bizikleta erabiltzaileak lehenesten ditu.
Eremuan egindako aldaketak hainbat dira. Ospitaletatik edo Zorroaga pasealekutik Errondo pasealekura doazen ibilgailuek Aita Donostia plazatik egin ahal izango dute ibilbidea, Toribio Alzagako biribilgunetik, Irun plazara iritsi beharrik gabe. Madril hiribiderantz doazen ibilgailuek Aita Donostiatik egin ahal dute ibilbidea, duela aste batzuetatik egiten duten moduan.
Era berean, oinezkoek plaza zeharkatu ahal izango dute Anoetara edo Madril hiribidera doazen edozein oinezkoen pasabide berrietatik. Plazako bide horiek, gainera, estadioan ekitaldiak dauden egunetan segurtasun handiagoa izateko zabalerarekin diseinatu dira.
Horretaz gain, inguruko bidegorri zatiak erabat lotuta geratu dira, Aita Donostia Zorroaga pasealekuaren, Errondo pasealekuaren eta Madril hiribidearen arteko nodo garrantzitsu batean bilakatuz.
“Lanak egin diren bitarteko hilabeteak zailak izan diren arren, jarduera honekin auzoak oinezkoentzako plaza handi bat berreskuratu du, trafikoari irabazia, oinezkoei, mugikortasun aktiboari eta garraio publikoari lehentasuna emanez. Hemendik aurrera, ibilgailuentzako bakarrik zen eremu bat gozamenerako ingurune bihurtu da, segurtasun handiagorekin, kutsadura txikiagoarekin eta espazio publikoaren erabilera arrazionalagoarekin”, azaldu du Mugikortasun zinegotzi Olatz Yarzak.
Geltoki berria
Aita Donostia plaza berritzeko proiektuak lotura zuzena du Anoetako topo geltoki berriarekin. Pasabide berria martxan jartzean gehiago erabili ahal izango dela aurreikusi dute. Horrela, antzinako biribilguneak oinezkoentzako plaza handi batean bilakatu da. Gainera, egiten ari diren atari berriaren sorrerak estadioaren aurrealdea berrurbanizatzea ekarriko du, eta garrantzi intermodal handia izango du gune horrek.