Berriz ere okupatu dute Guardetxea, oraingoan, bertan geratzeko asmoarekin
Hainbat okupazio "sinboliko" egin ostean, dozenaka lagun Urgulleko Guardetxean sartu dira eta garbitzen eta txukuntzen ari dira, ekitaldi kulturalak antolatzeko.

Maiatzaren 1ean okupazio bat burutzeko Donostiako tradizioari jarriki, hainbat lagunek Urgulleko Guardetxea berreskuratu dute auzoarentzat. Auzolanean ari dira orain, gunea txukunduz eta prestatuz, asteburuan hainbat jarduera prestatu dituztelako.
13:30ak aldera, Parte Zaharretik etorri dira 50 bat lagun, eta Guardetxean gaua pasa duten gazteek zabaldu diete atea. Azaldu dutenez, duela egun batzuk sartu ziren bertara, eta arriskurik ez dela konfirmatuta sartu dira gaur hamarnaka lagun eta kolektiboetako ordezkari.
Hainbat aldiz okupatu du Alde Zaharreko Gazte Asanbladak modu “sinbolikoan” eraikina, baina beti Udaltzaingoak gazteak kaleratu eta ateak itxi ditu. Izan ere, baldintza kaskarretan da eraikina, eta horixe da itxita egotearen arrazoi nagusietako bat.
Parte Zaharreko eta Donostiako gazte eta kolektibo askoren beharrak “asetuko lituzke espazio honek” AZGAkoen hitzetan: “saretze eta parte hartze komunitarioa sustatzeko, bestelako aisialdi eredu bat garatzeko, formakuntzarako, eskualdeko musika eszena indartzeko, proiektu solidarioak sortzeko, euskara sustatzeko edota ekitaldi musikal zein kulturalak antolatzeko”. Horregatik, auzoko eragile ugarirekin batera, AZGAko kideak prest agertu dira Udal Gobernuarekin esleipen baldintzak adosteko. Edonola ere, hori ez da beraien bide bakarra: “Udalak entzungor egiten jarraitzen duen bitartean, okupazioarekin aurrera segi eta Guardetxea auzolanean eraikitzeari ekingo diogu.”



















Guardetxea hutsik dago 2019tik, hamar urtez Bandabat elkarteak kudeatu eta askotariko kultur jarduerak antolatu ostean. Eraikina konpondu beharra dago, baina urteotan, udalak ez du konpondu. Urtarrileko udalbatzarrean, Ane Oiarbide Berdintasuneko, Elkartasuneko, Eskubide Zibiletako zinegotziak azaldu zuen oraindik birgaitze proiektua eskatu behar dela eta aldundiak baimendu egin behar duela, eta 50.000 euro aurreikusi dituztela aurten proiektua abiatzeko. Halaber, esan zuen gunearen kudeaketa lehiaketa publikora ateratzen dutenean ez dutela auzoko eragileentzat erreserbatuko, EH Bilduk eskatu zuen moduan.