Donostiako manifestazio jendetsuena egin du LABek gaur, «burujabetzaren alde»

LAB sindikatuak jendetza batu du gaur Donostiako kaleetan, burujabetzaren alde. Easo plazatik hasita, Trinitate plazaraino egin dute ibilbidea, sozialismoaren, feminismoaren eta lan baldintza duinen aldeko oihuekin. Amaierako ekitaldian, gainera, Kuba, Palestina eta Saharako langileria izan dute gogoan.
Oihana Lopetegi LABeko arduradunak EAJ kritikatu du, “norabidez aldatzeko ordua” iritsi dela ziurtatuz. Burujabetza handiagoa behar dela aldarrikatu du, “langile klasea defendatzeko”, “lana, zaintza eta aberastasuna banatzeko”, “gure eredu ekonomikoa eta kontsumo eredua aldatzeko” eta “hona datozenei harrera egiteko”.
Lopetegiren ustez, “zorionekoak” dira, “Euskal Herrian burujabetzaren, eraldaketa sozialaren eta eraldaketa feministaren alde lan egiten duen esparru zabal bat dagoelako”. Mobilizazioei esker, langileentzat funtsezkoak diren gaiak agenda politikoan sartu dituztela ziurtatu du: osasuna, zaintza, etxebizitza, pentsioak eta gutxieneko soldata. Agendan egoteaz gain, “benetako aldaketak” lortzeko, “borrokan jarraitzeko” beharra dagoela azpimarratu du.
Hiru lehentasun markatu ditu Lopetegik hurrengo hilabeteetarako: zerbitzu publikoak sendotzea, industria politika berria garatzea eta oinarrizko diru sarrera duinak bermatzea herritar guztientzat.
Patronalaren kontrako eta Confebasken kontrako oihuak izan dira, eta Lopetegik ere hitz gogorrak izan ditu, “parasitoak” direla ziurtatuz: “Sistemaz baliatzen dira baina ez dute euren ardura onartzen”. Tinko azaldu dira LABeko kideak: “Ez dugu euren txantaia, ezta euren hipokrisia ere onartuko. Soldata duinak defendatuko ditugu arlo guztietan eta borroka sindikala indartuko dugu”. Jakinarazi dutenez, sinadura bilketa abiatu dute, Eusko Legebiltzarrak gutxieneko soldata ezarri dezan.











