Etxeko langileen aldarria, maiatzaren 1ean

Sos arrazakeriako etxeko langileen taldeak protesta egin du Espainiako lan ikuskaritzako zuzendariordetzaren aurrean, maiatzaren 1aren karietara. Sektorean lan ikuskaritzarik ez dagoenez, “esplotazioa” eta baldintza kaskarrak salatu dituzte.
Gipuzkoan 13.000 lagunek egiten dute lan etxeko zaintza lanetan, gehiengo zabala, emakume migratzaileak. Baldintza “bereziki gogorrak” direla salatu dute elkarretaratzean. “Langile egoiliarrek, 64 orduko lan asteak izaten ditugu, eta soldata, legezkoa baino %31 gutxiago izaten da. Askok, 80 ordukoak egiten dituzte”.
Ordutegiei, lo egiteko orduak gehitu behar zaizkiola gogoratu dute, askotan, zaindu behar dituzten pertsonek esnatzen dituztelarik, deskantsurik gabe geratuz. Ondorio fisiko larriak dituzte emakumeontzat: %83k min fisiko kronikoak dituzte eta %80k antsietate, insomnio edo estres kronikoa, baina, hala ere, %15ek soilik dute gaixoaldirako eskubidea.
Legeak hobetu diren arren, horien aplikazioan inolako mekanismo efektiborik ez dela salatu dute: “Bitarteko publiko espezifikorik ez dago, ez kontrolik; are gutxiago egoera administratibo irregularrean dauden milaka langileentzat”.
Aldarri sinplea egin dute ozen etxeko langileek, maiatzaren 1aren bezperan: “Gainontzeko lan sektoreekin berdindu gaitzatela”.
Eta elkarretaratzea aldarri esanguratsu batekin bukatu dute: “Ez gaude denok, egoiliarrak falta dira!”.