Antonio Agirre, euskal kostaldean luzaroen aritu den portuko pilotua
Ehun urte bete ziren martxoaren 29an Antonio Agirre Uranga 'Xenpelar' (Donostia 1852-1925) portuko pilotua hil zenetik. Ia lau hamarkadaz egin zuen lan eta lagun asko salbatu zituen. Garaian ezaguna eta maitatua izan bazen ere, urteekin ahazten joan ziren.

Heriotzaren mendeurrenean, omenaldia egin zioten Antonio Agirre Uranga Xenpelar portuko pilotu donostiarrari. Bertan, haren herenilobetako baten emazteak, Leyre Suescunek, hamar urtez ikertutakoaren berri eman zuen. Euskal kostaldean luzaroen aritu den portuko pilotua da, bere adoreagatik ezaguna eta bizitza asko salbatutakoa.
Pedro Juan Agirre eta Antonia Urangaren lau seme-alabetako gazteena zen Antonio. 13 urte besterik ez zituela, San Sebastian Habana 2 korbetan ontziratu zen, eta hiru urtez itsasmutil aritu zen Donostia eta Kubako hiriburuaren artean pertsonak, gatza edota metalak garraiatzen zituen barkuan. Ondoren, Conchita ontzian itsas zabalean barrena ibili zen. Bietan itsas ikasketak egin zituen, itsasaldi, hareatza, marea aldaketa, portuen ezaugarri eta abarri buruz ikasiz.
30 urterekin, Concordia goletan lanean hasi zen. Bi urtez aritu zen Jose Morgado komandantearen agindura, kostaldea zaintzeko erabiltzen zen gerra ontzian. Horren pozik zegoen komandantea Agirreren trebeziarekin, berak eskatu gabe, laudorio ziurtagiri bat eman ziola. Gerora, Donostiako portuko pilotu izateko erabakigarria izan zen. 1885ean izendatu zuten eta 1920ra arte egon zen postuan, 36 urte baino gehiagoz. Azterketa zorrotz bat gainditzeaz gain, besteak beste, 30-55 urte arteko adina, patroi eta pilotu titulua edota lau urteko eskarmentua itsaso zabalean behar zuten. Armadan aritutakoek lehentasuna zuten, eta Agirreri Concordia–ko lanak balio izan zion.
Umil eta adoretsu
Donostiako portuak itsas trafiko handia zuen garai hartan; txikia zen eta barkuak badian ainguratzen zituzten. Portuko pilotuaren zeregina horiek porturatzea zen, arrokek nahiz hareak kaltetu edo arazorik eragin ez ziezaien. Horrez gain, ordea, araudiak salbamendura ere behartzen zituen. Hala, ontzi batek laguntza eskatzen bazuen, eman egin behar zioten, betiere, muturreko haize eta itsas denboraleak izan ezean. Xenpelarrek, antza, ez zituen salbuespen horiek inoiz kontuan hartu, beti ahalegindu baitzen arriskuan zegoen edozein ontzi erreskatatzen.
Hala zioen Euskal-Erria aldizkariak ‘El práctico Aguirre (Xenpelar)’ artikuluan: «Luze joko luke marinel adoretsu honen historia dramatikoa zerrendatzeak, bere pilotu eginkizuna betetzeaz gain, etengabe itsasorantz begiratzen baitu irentsi behar dituen biktimak kentzeko, bere bizitza arriskuan jarriz». Suescunen ustez, pilotu izan nahi zuen bere seme zaharrena ito izanaren ondorioa zen.
Berarekin aritutako itsasgizonekin partekatzen zituen erreskate bakoitzeko ematen zizkioten 25 pezetak
Xenpelarrek 1,55 metroko altuera, gorputz gihartsua, bizar iletsua eta orban bat zuen ezker eskuan. Arin herren egiten zuen, 16 urte zituela hanka puskatu baitzuen Concordia–n zela. Mediku faltan, kapitainak oholtxoak jarri zizkion, eta bi hilabete geroago lurreratzean, erabat sendaturik ez zegoenez, petrikilo batek berriz ezarri zion. Kronikek diote umila eta eskuzabala zela, erreskate bakoitzeko ematen zizkioten 25 pezetak berarekin aritutako itsasgizonekin partekatzen zituela, haiei gutxiago ordaintzea bidezkoa iruditzen ez zitzaiolako.
Erreskate ikusgarriak
Bere erreskateen artean, oihartzun gehien Proteus bergantin danimarkarrarenak izan zuen, nazioarteko prentsan agertu baitzen. 1886ko urriaren 15eko gauean, Liverpooletik metalak zekartzan ontzia Kontxan ainguratua zegoen, Elena baporea ondoan zuela. Laguntza eskatu zuen makinako txilibituarekin eta marina komandantziak txalupa bat bidali zuen barkua finkatzera. Goizeko lauetan berriro txistukatu zuten, aingurarekin arazoak zituztelako. Agirrek Proteus urgaineratu zuen, Santa Klaran ainguratu, eta eskifaia portura eraman zuen. Itsas merituaren zilarrezko gurutze pentsioduna eman zioten, 2,5 pezetako soldata gehigarria zuena, garaian dirutza zena.
Salbamendu domina, berriz, 1915eko abenduan badian gobernurik gabe zebilen Nuevo Julián goleta zumaiarra erreskatatzeagatik eman zioten. Cadizetik zetorrela, Finisterreko lurmuturrean denboraleak harrapatu zuen, eta Vigon hartu zuen babesa. Egoera hobetzen ari zela, Bilborantz jarraitu zuen, baina ainguratzeko lekurik ez zuten, eta Donostiara bidean, olatuen kontra zihoan. Xenpelar eta hamahiru itsasgizon joan ziren erreskatera. Kostaldetik hiru bapore zetozen eta beraiek babestuko zutenez, portura bueltatzeko esan zioten Agirreri. Pilotuak entzungor egin, eta hiruzpalau orduren buruan lortu zuen barkua porturatzea. Erreskate ikusgarria izan omen zen eta bai badia bai portu ingurua jendez bete zen hura ikusteko.