Athletic mendean hartzeak arinduko al du giro ezkorra?
Realak zuri-gorrien kontrako euskal derbia jokatuko du etzi, Anoetan (21:00), aldaketen aroan murgildu denean.

Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak agurraren inguruko azalpenak eman ditu, nahiz eta Athleticen aurkako euskal derbia lehenetsi. Kontratua berritzear izan zela aitortu du gaur, Zubietan eskainitako partiden aurreko ohiko prentsa agerraldian. Ordea, ez du berritu “merezi” izan ez duelako. Haren ustez, ez ditu “merituak” egin Realeko entrenatzaile gisa jarraitzeko. Are gehiago, Europara sailkatzeko helburua beteko balitz ere, ez omen da “gustura” geratuko. Sergio Franciscok hartuko du haren tokia, eta erabakiak ez du harrera baikorregia izan zaleen artean.
Kontuak kontu, txuri-urdinen aulkian bost partida geratzen zaizkio, eta hurrengoa igandekoa da. Realak Athletic hartuko du Anoetan (21:00), Europa Ligako finalerdietan kolpe gogorra jaso ostean. Horrela ere, zuri-gorriak ligan dira lehiakorrenak, eta, beraz, ez da euskal derbi erraza izango. Bestalde, gogoratu behar da klubak Alberto Lopez, Agustin Aranzabal, Aitor Lopez Rekarte eta Oscar de Paula jokalariak omenduko dituela neurketaren atarian.
Realeko neskek, berriz, Espanyolen zelaian jokatuko dute bihar, 18:00etan. Bolada txarrari buelta eman ezinda dabiltza, eta baliteke lekurik errazena ez izatea. Horrela ere, txuri-urdinek behar duten garaipen horren bila joan beharko dute.
Eskubaloian, Bera Berak ligako fase erregularreko azken norgehiagoka jokatuko du bihar, Gaska kiroldegian (19:00). Sailkapeneko hirugarren postua ziurtatuta, titulurako kanporaketei begira jarrita izango dira donostiarrak.
Belar hockeyan, Realak azken porrota ahazten ahaleginduko da Tenisen zelaian, bihar, 16:00etan. Juniorren aurka galdu arren, konfiantzarekin daude ligako azken txanpan emaitza onak lortzeko.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek bederatzigarren postuari eusteko lehia mantendu beharko du asteburuan. Galizian jokatuko dute bihar, Obraidoiroren kantxan (18:30). Ligako talde indartsuetako bati eskua sartzen saiatuko dira donostiarrak.
PARTIDAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 28. jardunaldia
- Espanyol – Reala (bihar, larunbata, 18:00)
Gizonezkoen liga, 34. jardunaldia
- Reala – Athletic (etzi, igandea, 21:00)
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 26. jardunaldia
- Bera Bera – Errioxa (bihar, larunbata, 19:00)
Belar hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 18. jardunaldia
- Tenis – Reala (bihar, larunbata, 16:00)
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 33. jardunaldia
- Obradoiro – Gipuzkoa Basket (bihar, larunbata, 18:30)