Auditz Akular: erabilera ekosozial ugari izan ditzakeen «altxorra»
Auditz Akular berdegune handian 3.000 etxebizitza eraikitzeko asmoen aurrean, Altza XXI herri ekimenak eremuaren balio ekosozialak aztertzeko eskatu dio Marko Sierra ingeniari agronomoari. Besteak beste, ondorioztatu du Altzako berdegune eta espazio libre falta nabarmena konpentsatu dezakeela guneak.

Altza XXI herri ekimenak Odon Elorza alkate zen garaitik darama Auditz Akular berdegune handian etxebizitzak eraikitzearen aurka borrokatzen, Altzak dagoeneko etxebizitza eta biztanle dentsitate handiegia duela argudiatuta eta ekipamenduak eta espazio libreak behar dituela aldarrikatuta. Oraingoan, zehatzagoak izan nahi izan dute, eta Auditz Akular-Molinao-Landarro eremuko balio ekosozialak aztertzeko eskatu diote Marko Sierra ingeniari agronomoari.
Sierrak berak 2005ean eremu berari buruz egindako beste ikerketa bat, duela bi urte inguru Altzako espazio libreei buruz egindako beste bat eta Eusko Jaurlaritzak 2007an argitaratutako landaretza planoa kontuan izanez eta eremu guztitik gora eta behera ibiliz, txosten mardulak ondu ditu Sierrak; hemen irakur dezakezue txosten nagusia. Era berean, ikerketa bera eta ateratako ondorioak laburbildu dizkio hedabide honi. Dioenez, bide sare zabal bat sortu daiteke, auzoa hornitu dezaketen baratzeak eta abeltzaintzarako guneak egokitu, elementu paisajistiko eta historiko batzuei garrantzia eman eta aisialdirako gune txukunak sortu.
Askotariko balioak
Bereziki zaindu eta erabilerarako egokitu gabe dagoen eremua da egun Auditz Akular, baina, hala ere, altzatarrek erabiltzen dutela nabarmendu du Sierrak: «Altzako auzo urbanoaren ondo-ondoan dago, eta horrek eragiten du jendeak erabiltzea, modu batean edo bestean: batzuek baratze legal edo ilegalak jartzeko erabiltzen dute, beste batzuek aisialdi guneetan denbora pasatzeko, paseatzeko, eta abar».
Horrez gain, Auditz Akularreko malda gehienak Pasai Antxoko Molinao bailara aldera jaisten dira, eta, euria egiten duenean, ingeniariak egiaztatu duenez, bertako basoek ura eusten dute, Molinaoko errekara iritsi aurretik: «Beraz, hidrologiaren ikuspegitik balioa dute baso horiek». «Baratzeek ere euren balioa dute, hornidura aldetik, eta baita belardiek ere, gehiago edo gutxiago, abereak elikatzeko erabiltzen baitira: ardiak, behorrak eta zaldiak ikusi ditut han, besteak beste. Era berean, baso landaketak egin direla ikusi dut, eta bertatik egurra atera izan dela», gaineratu du.
Halaber, balio paisajistikoak hizpidera ekarri ditu adituak: «Muinoetatik Gipuzkoako mendi asko eta asko ikusten dira». Eta, nola ez, aisialdirako duen balioa goraipatu du: «Larresen egokitutako berdegunea, adibidez, jende askok erabiltzen du. Beste aisialdi eremu batzuk ere badaude inguruan, jendeak gutxiago erabiltzen dituenak, utziagoak daudelako, adibidez, Papin industrialdearen ondoko parkea».
Era berean, Altzarentzat ez ezik, Pasaiarentzat ere eremu baliotsua dela nabarmendu du: «Altzako eta Pasai Antxoko bizilagunentzat 0 kilometroa da: eremu urbanotik kilometro eskas batera, zona horretako hainbat tokitara heldu zaitezke».
Potentzialtasuna
Gaur egun, Auditz Akular-Molinao-Landarro eremuak zerbitzu ugari eskaintzen dizkio Altzari, Sierrak dioenez. Baina aipaturiko balio guztiak kontuan hartuta, are ekarpen gehiago egin ahal dizkiola deritzo, inguruaren potentzialtasun osoa «aztertzeke» badago ere: «Egungo baratzeak ikusita eta erabiltzaileekin hitz egin ondoren, adibidez, balioetsi daiteke 2.000-3.000 biztanlerentzako barazkiak atera daitezkeela handik. Bestalde, belardiek haragia eta bestelako produktuak eman ditzaketen abereak zaintzeko erabiltzen dira eta balio paisajistikoa indartu daiteke, adibidez, Txipres baserria balioan jarriz»
Era berean, Auditz Akularrek Lauaizeta parkearekin duen lotura hobetzearen aldeko apustua egin behar dela dio Sierrak: «Lauaizeta eremu natural gisa dago sailkatua plan orokorrean, eta Auditz Akularrekin gauza bera eginez gero —betetzen ditu horretarako baldintzak—, egun baino askoz zerbitzu gehiago eskaini diezaieke Altzari eta Pasaiari. Ingeniari agronomo batentzat, oso eremu interesgarria da bide sarea hobetu eta handitzeko, baratzeak hobetzeko, aisialdi guneak sortzeko, eta abar».
Aitortu du, halaber, zabor asko dagoela garbitzeke Auditz Akularreko zenbait zonatan, eta hainbat eremu egokitu eta txukundu beharko liratekeela. Baina, hori eginez gero, altzatarren bizitza hobetu dezakeela: «Konpentsatu diezaioke Altzari bere espazio libre eta berdeen gabezia nabarmena. Auditz Akularrek dituen balio guztiekin eta eremua behar bezala txukunduta, izugarrizko gunea sortu daiteke hor, altxorra da. Eremu polifazetikoa izan beharko luke, bizilagunek eta auzoko eragileek egiten dituzten ekarpenekin».
Horrela, hiri antolamenduko plan orokorra (HAPO) berrikusten ari diren honetan, itxaropenari ate bat ireki dio Sierrak. Izan ere, gogorarazi du Martuteneko Antondegi berdegunea urbanizatzea alde batera utzi duela udalak, eragile eta herritar ugari Wavegarden enpresa bertan eraikitzekoa zen surf parkearen aurka antolatu eta mobilizatu ostean: «Antondegi erori bada, Auditz Akular ere erori daiteke, eta ikuspegi integralagoa izango duen hirigintza eredu bati heldu».