«Biziraupen ariketa bat egiten ari naiz, eta musika da nire helduleku nagusia»
Argitasunera itzultzen ari da Itsaso Gutierrez Retolaza (Gros, 1978). Etenaldi luze baten ondoren, musikagintzara eta zuzenekoetara bueltatu da hiru emakumez osaturiko ON talde berrituarekin. Musika baztertzeraino iritsi zen, baina betidanik argi izan du musikarik gabe ezin dela bizi.

Musikagintzatik kanpo urte batzuk eman dituzu. Zergatik?
Zazpi urte eman ditut musikatik aldenduta. Batez ere, arrazoi pertsonalengatik. Amatasuna da arrazoi nagusietako bat, eta hori pozgarria da. Aldiz, beste arrazoiak ez horrenbeste, eta ez dut horietan sakonduko.
Musikarekin duzun harremana oso estua izanik, nolakoak izan dira azken zazpi urteak?
Zulo baten sartuta egon naiz, musika erabat baztertuta. Neure buruarekiko eta musikarekiko konfiantza zeharo galduta ibili naiz. Oso gogorra egin zait zulotik ateratzea. Duela hiru urte hasi nintzen abesteko saiakerak egiten, baina ez zitzaidan ahotsa ateratzen. Pasa den udan, terapeuta baten laguntzarekin, abesti bat kantatzeko erronka hartu nuen. Ordea, ez nituen nire abestiak eta hitzak gogoratzen. Nire bihotza eta burua zeharo blokeatuta nituen, eta lanketa izugarria izaten ari da blokeo hori askatzea. Pixkana lortzen ari naiz, nire erronka delako abesteko eta gitarra jotzeko gai naizela erakustea, batez ere, neure buruari.
Zulotik ateratzeko zeintzuk izaten ari dira heldulekuak?
Laguntza profesionala, batez ere. Egia da ere biziraupen ariketa bat egiten ari naizela, eta musika bera dela nire helduleku nagusia. Haserrea adieraztea eta negar egitea asko kostatzen zaion pertsona bat naiz, eta hori nire baitan pilatzeko joera dut. Horrek gaixotzen zaitu, eta alde batetik edo bestetik ateratzen zaizu. Musika da nire emozioak kanalizatu eta askatzeko bidea, nire terapia pertsonal garrantzitsuena izan da gaztetatik. Gaizki nengoen bakoitzean, gitarra hartu eta zerbait egiten nuen. Orain, laguntza behar izan dut, burua altxatu, zulotik atera eta musikari heltzeko berriz ere.
Azken batean, nire izaeraren erro nagusia da musika. Baita rocka bera ere, musikari eta entzule moduan. 16 urterekin hasi nintzen musika jorratzen, eta duela zazpi urte eten nuen harekin harremana. Jotzeari ez ezik, entzuteari ere utzi nion. Hortaz, berriz ere konektatzea lortu dut.
Amatasuna bera ere garrantzitsua izan da musikagintzara bueltatzeko?
Bi semeak dira nire bizitzaren oinarria eta funtsa, baina ez nuke inoiz semeengatik musika utziko. Ni neu naizena alboratzea litzateke. Musika uztean, banekien ez zela betirako izango. Sentsazio bera izan nuen Xarma taldearen ibilbidea bukatu zenean. Oso haserre bukatu nuen, musika uzteko gogoarekin, besteak beste, indarkeria jasan nuelako. Harreman afektibo bat konpartitu nuen taldekide batekin bi taldetan eta hainbat urtetan. Hain zuzen ere, horri aurre egiteko sortu nuen ON taldea. Niretzat oso garrantzitsua izan zen aurrera jarraitzeko, eta neure buruari erakusteko musikaria nintzela. Hau da, abeslaria, hitzen egilea eta gidaria. Hori dena kudeatzeko gaitasuna nuela ikusi nuen. Egia da ere ON bizirauteko ariketa bat izan zela.
Orain, berriz, zalantza askorekin berreskuratu dut ON. Ez nuen argi itzultzean beste zerbaitekin hasiko ote nintzen, eta utzitako uneari jarraipena emango ote nion. Zaharrari hautsak kentzea erabaki nuen, zerbait berria sortzea konplexuagoa iruditzen zitzaidalako. Emozionalki oso blokeatua ibili naiz urteotan, baina erabakiak hartuta, ari naiz korapilo hori askatzen eta berriz ere sortzen.
«Musika munduan esperientzia txarrak izan ditut gizonezkoekin, onak baino gehiago»
Zer moduz zaude gitarra berriz ere astindu eta ahotsa urratzeko?
Gogotsu eta uste baino indartsuago nago. Zulotik ateratzeko, hainbat pauso eman behar izan ditut: ahotsa berreskuratu, abestiak gogoratu eta taldekide berriak bilatu. Gutxi hitz egiten da bilaketa horretaz, batez ere, hutsetik hasten bazara. Ez da erraza taldekide aproposak topatzea, pertsona horiek ezagutzea, harremanak sendotzea eta abar. Esaterako, ON abiatu nuenean, beste bi kideak kontratatu nituen. Alegia, diru trukean aritu ziren nirekin zuzenean. Nire proiektua izanik, erabakiak eta gidaritza nireak izateko, musikariak ordaintzea erabaki nuen. Orduan, zuloa egin nuen, baina poltsikoan. Ez nuen nahi nuen hori lortu. Talde lanean sinesten dut, baina asko kostatu izan zait beti lidergo bat markatzea. Izan ere, kolektiboan aritzea gustatzen zait, erabakiak guztion artean hartuz eta harreman osasuntsu bat landuz.
ON talde propioarekin bueltatu zara, hirukoa aldatuta. Orain kide guztiak emakumezkoak zarete. Maialen Urretabizkaia baxu jotzailea eta Maialen Arana bateria jotzailea dira zure bidelagun berriak.
Bi Maialenekin oso pozik eta eroso nago. Gainera, biek ezer baino lehen eskerrak eman dizkidate talde baten parte izateko aukeragatik. Hori ez zait sekula gertatu, eta ederra da. Dena dela, taldekide berriak bilatzerako orduan, gustuko nituen batzuei proposatu nien nirekin bat egiteko. Une horretan beste proiektu batzuk zituztenez, beste bide bat jorratu behar izan nuen kideak topatzeko. Gainera, konturatu nintzen musikari onak eta indartsuak beharrean, kide jatorrak behar nituela.
Horrela, musikariak bilatzeko plataforma batean sartu nintzen. Emakumeak eta rockzaleak behar nituela jarri nuen, baina jasotako eskaintza gehienak gizonezkoenak izan ziren. Zorionez, pare bat emakume agertu ziren eta horietako bat izan zen Maialen Arana. Baxu jotzailea, berriz, gehiago kostatu zitzaidan. Hasiera batean, gizonezko bat topatu nuen, baina berarekin ez geunden eroso. Orduan, aldatu eta Maialen Urretabizkaiak bat egin zuen gurekin.
Hiru emakumez osaturiko ON taldea ikusita, Jauko Barik zena berreskuratu duzu, nolabait?
Bai, eta apropos izan dela aitortu behar dut. Musika munduan esperientzia txarrak izan ditut gizonezkoekin, onak baino gehiago. Nire kasuan, horrela izan da. Orduan, Jauko Barik izan zena betidanik presente izan dut, hiru lagunek osatu genuelako. Laguntasun hori faltan nuen, emakumeen arteko harreman on bat. Beraz, bai, berreskuratu dudala esan dezaket, eta zuzenean Jauko Barik gogora ekartzen dugula esan didate. Bestalde, iraganean ez bezala, emakumezko soinu teknikari gazte pare bat topatu ditut, eta hori ere lortu izanarekin pozik nago.
Jauko Barik aipatuta, kolpetik iraganera egin dugula aprobetxatuz, noiz murgildu zinen musikan?
10 urte nituela, amak bultzatuta, familia osoa Bartzelonara joan ginen Amnesty International-ek antolaturiko Human Rights Now! kontzertua ikustera. Camp Nou zelaian izan zen, 1988an. Besteak beste, Tracy Chapman, Bruce Springsteen eta Peter Gabriel musikariek kantatu zuten. Estadioa beteta eta jendea pozarren ikustea ikaragarria izan zen. Gure ama musikazalea izan da betidanik, eta etxean musika asko entzuten genuen. Horrela ere, kontzertu horrek markatu ninduen. Gogoan dut 10-11 urterekin, nire bizitzan bete nahi nituen hiru amets idatzi nituela kaiera batean: ama izatea, mendian bizitzea eta musikaria izatea. Hiru ametsak bete ditut, baina konturatu naiz ametsak ez direla uste nuen modukoak.
Zein izan zen zure lehen musika tresna?
Txikitan, biolineko ikasketak egin nituen zazpigarren mailara arte. Gitarra jotzen, berriz, institutu garaian hasi nintzen, eta ikastaro bati esker. 13 urte izango nituen, eta nire lehen akordeak Txoria txori abestiarenak izan ziren.
Eta Jauko Barik izan zen zure lehen taldea?
Bai, hiru lagunen artean sortu genuena.
Esan Ozenki diskoetxeak zuen aldeko apustua egin eta 2000. urtean kaleratu zenuten estreinako diskoa. Beraz, 25 urte bete ditu.
Duela gutxi hausnartu dut horren inguruan, garai hartan ez ginelako konturatu emandako aukeraren tamainaz. Asko eskertu genien, bagenekien garrantzitsua zela, baina gaur egun askoz ere esanguratsuagoa iruditzen zait. Esan Ozenkiren filosofiarekin bat egiten genuen, eta ausardia hori izan zuten talde hasiberrien aldeko apustua egiteko.
Gogoan dut Jauko Barikekin jotzen hasi ginenean, Loiolako lokal batean eman genuen kontzertua ikustera etorri zela Fermin Muguruza. Gerora jakin ahal izan dut gu ikustera etortzeko esan ziotela. 16-17 urte genituen, eta oso berezia izan zen publikoan Fermin ikustea.
Egia esan, esanguratsua izan zen garai hartan Euskal Herrian hiru emakumez osaturiko rock talde euskaldun batekin topo egitea. Aitzindarietako batzuk izan zineten?
Egia esan, bai. Garai hartan bazen Durangon beste talde bat emakumez osaturikoa, baina denbora gutxi iraun zuten. Guk, berriz, bederatzi urte. Bi disko eta kontzertu ugari eman genituen. Duela gutxi, tesi bat idazten ari den Galiziako emakume batek idatzi zidan. Galdera hau bota zidan: zergatik ez zarete emakumezkoen rockaren erreferente Euskal Herrian? Ezin izan nion erantzun, ez dakidalako.
Jauko Barik desegin ondoren, Keike taldearekin bat egin zenuen. Zer nolakoa izan zen esperientzia?
Oso ona. Keike zale amorratua nintzen, eta kontzertu askotara joaten nintzen. Lehen diskoa atera ondoren, gitarrista bat gabe geratu ziren, eta haiekin jotzea eskaini zidaten. Bigarren diskoaren konposizioan bai parte hartu nuela. Oro har, esperientzia erosoa izan zen, bigarren maila batean aritu nintzelako, taldeko gidaria izan gabe.
Keike izan zenaren errautsetatik Xarma sortu zenuten, eta bi disko argitaratu zenituzten.
Bai, beste izen batekin jarraitzea erabaki genuen Keiken ibilitako batzuek. Sortzen jarraitu genuenez, abestiak genituen aurrera egiteko. Ibilbide laburrean musika lehiaketetan ondo ibili ginen, asko mugitu ginen eta kontzertu ugari eman genituen, baina egia da ez zuela aparteko oihartzunik izan. Xarma taldearekin berriz ere gidaritza pixka bat hartu nuen, konposizioan eta hitzak idazterakoan pisu handiagoa hartuz, eta, berriz ere, kanta batzuetan abestuz.
«Bi semeak dira nire bizitzaren oinarria, baina ez nuke inoiz semeengatik musika utziko»
2012ko martxoan, ON talde propioa sortu zenuen. Bi hizkikoa, biak maiuskulaz. Aldarrikapen gisa har daiteke taldearen izena. Zein da bere esanahia?
Txarrik ez, ona baizik. Izen indartsu eta baikor bat aukeratu nuen, txarra kanporatzeko. Burua altxatzeko behar batetik sortu nuen ON. Garai hartan, ez nengoen egun nagoen bezain lur jota, eta ezta ere bi umeren ardurapean. Orduan bai sinesten nuen nigan.
Indartsu abiatu zinen. Batetik, Ikasle Abertzaleak-en V. kongresurako abestia sortu zenuten. Bestetik, Donostiako Piraten musika lehiaketa irabazi, Aste Nagusian jo eta piratei kanta bai eskaini zenieten. Azkenik, lehen diskoa kaleratu zenuten.
Egia esan, oso indartsu hasi ginen. Aurretik aipatu moduan, sufrimenduari aurre egiteko musika zen nire terapia, eta ON taldeari nire onena eskaini nion. Oihartzuna eta harrera izan zuen lehen diskoak.
‘Zein’ bigarren diskoa, berriz, 2014an plazaratu zenuten. Zure ustez, lehen lanak baino oihartzun apalagoa izan zuen?
Bai, itzaltzen hasi nintzelako. Disko landua eta ona dela uste dut. Ordea, talde barruan sortu ziren arazo eta gertakari batzuek eragin zuten itzaltze horretan. Momentuz, ezin dut besterik kontatu.
Urte hartatik 2019ra bitarte, Euskal Herriko, Kataluniako eta Espainiako hainbat txokotan kontzertuak ematen aritu zineten, halako batean, gelditu arte… Ez zenuten etenik iragarri, ezta?
Ez, aipaturiko itzaltzearen ondorioa izan da etena. Azken urteotan, kaletik jendeak galdetu izan dit ea musika utzi dudan, eta nire erantzuna beti berdina izan da: ez.
Gaur egunera bueltan, hiruko berritua hiru kontzerturekin estreinatu ahal izan duzue: Donostian, Trintxerpen eta Bilbon. Gustura geratu zarete?
Oso gustura. Urtarrilean hasi ginen elkarrekin entseatzen, eta sei entsegu eginda jo genuen lehen kontzertua. Txapeldunak gara. Gai izan gara hamabi abesti agertokian defendatzeko, eta modu oso duinean. Esan moduan, burua berriz ere altxatzeko balioko dit, eta hori garrantzitsua da niretzat.
Noski, kontzertu gehiago emateko prest zaudete, eta dagoeneko jakina da azken Hatortxu Rock jaialdian izango zaretela uztailean, Lakuntzan. Sekulakoa izango dela dirudi.
Bai, eta bitxia da nola lortu dugun jotzeko aukera. Betidanik, nire ametsetako bat izan da Hatortxu Rocken jotzea, baina aritu naizen taldeekin ez dut sekula lortu. Jakin nuenean azken jaialdia egin behar zutela Lakuntzan, email bat bidali nien. Momentu horretan, ez nuen abesteko eta kanta bakar bat ere jotzeko gaitasunik. Taldekiderik ere ez nuen. Ezustean, erantzun egin zidaten, eta agian jotzeko aukera izango genuela esan zidaten. Zeharo urduritu nintzen, ON berreraiki gabe nuelako. Dena martxan jarri nuen baietza jaso gabe, eta, begira, han izango gara.
«Oraina bizi nahi dut orain, baita ON taldearekin ere. Gustura bagaude, aurrera»
Jauko Barik, Keike eta Xarma taldeek bina disko argitaratu zituzten. ON taldeak ere beste bi kaleratu ditu. Hirugarren bat espero daiteke?
Etorriko da, bai. Gainera, orain hiru zenbakia gehiago gustatzen zait, etxean hiru garelako. Gogoa eta beharra daukat abesti berriak egiteko. Bi semerekin denbora gutxi daukat, baina baditut kanta berriak osatzeko antolatuta gabeko ideiak.
Epe motzean ON taldearekin zein asmo dituzue?
Single bat kaleratzea. Leku bat bilatzen ari gara topatu dudan emakume teknikari batekin grabatzeko. Zuzenean jotzen dugun eta grabatu gabe geratu zen kanta bat da aukeratu duguna. Oraina bizi nahi dut orain, baita ON taldearekin ere. Gustura bagaude, aurrera.