Facuak neurriak eskatu dizkio Jaurlaritzari, «erraustegiaren kutsadura maila altuekin amaitzeko»

Facua, kontsumitzaileen elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailera jo du, Zubietako erraustegiak eragindako kutsadura maila altuekin amaitzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzala eskatzeko, Europar Batasunak baimendutako mugen gainetik baitaude.
Toxic Watch Fundazioak Zero Waste Europe-ren laguntzarekin egindako txosten batek agerian utzi du erraustegiaren inguruko eremuetan dioxinek, PFASek — agente kimiko sintetikoek — eta metal astunek eragindako kutsadura-maila “orokortu eta arriskutsuak” aurkitu direla. Dioxina mailak azken hamahiru urteetan Europan Toxic Watch-ek detektatutako altuenak dira.
Alde horretatik, azterlanaren arabera, egoera horrek arriskuak dakarzkie osasun publikoari, ekosistemei eta are elikadura-segurtasunari ere; izan ere, kutsadura lurzoruan, uretan, landaredian eta elikagaietan dago, hala nola inguruko baserrietako arrautzetan.
Facuak ohartarazi du erraustegitik gertu dauden herritarrak gai kimiko toxikoen eraginpean jartzen ari direla, Europako araudiak baimentzen duenaren “oso gainetik”. Hala, ezinbestekotzat jotzen du presaz jardutea, erraustegiak eragiten dituen kutsadura maila altuak monitorizatu eta konpontzeko. Gainera, errauskailua inguratzen duten eremuen biomonitorizazioa egin beharko litzateke maiz, arreta berezia jarriz elikagaien ekoizpen eremuetan eta populazio kalteberetan.
Elkarteak, beraz, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari eskatzen dio premiaz egin ditzala arazo horri aurre egiteko eta konponbidea bilatzeko beharrezkoak diren neurriak, Zubietako erraustegiaren inguruko herriak jasaten ari diren osasunerako arriskua murrizteko.