Txanpontxoetarako dena prest: «Ez da ezer gehiago kabitzen programan»
Bidebietako jaiak hasiko dira datorren astean. Asteazkenetik igandera, auzoaz gozatzeko aukera izango dute adin guztietako bizilagunek. Jai batzordeko Izaskun Cruz dabil azken kontuekin: «Topera, eta pozik».

Txanpontxoekin batera abiatzen da Donostiako auzoetako jaien egutegia. Antiguakoak eta Ibaetakoak negua berotzen duten arren, Bidebietakoek udaberria azkar doala eta laster uda dela gogora ekartzen digute.
Buru-belarri dabil Izaskun Cruz jaien antolakuntzan. «Bost lagun gara jai batzordean, eta horrek lan handia suposatzen du», azaldu digu. Baina noski, ez dira haiek jaiak antolatzen dituzten bakarrak: «Jende nahikotxo hurbildu da guregana, eta, beraz, aurten, badira nobedadeak».
Adibidez, Bidebietako Herri Krosa itzuliko da aurten, hainbat boluntario antolatzera animatu direlako. «Lehen, jaietan tradizioa zen kros hau, baina guk ezin genuen antolatu. Aurten, taldetxo bat animatu da, eta arrakasta izaten ari da. Pila bat poztu nau jendeak berriro ere antolatzea», dio Cruzek. Ez alferrik. Hamar bat urtean egin ez den arren, 28. lasterketa izango baita honakoa.
Berritasun gehiago izango dira ere, futbito txapelketa, esaterako. «Gaztetxo batzuk proposamena egin ziguten, eta haiek ari dira antolatzen. Bikain!». Haurrentzako danborrada lehenengo aldiz aterako da aurten, larunbat eguerdian, bazkariaren aurretik. Helduak, berriz, bazkariaren ostean aterako dira.
Txanpontxo, pertsonaia maitatua
Bidebietako jaiek badute zerbait berezia, Cruzen ustez: «Jende askok parte hartzen du, eta egitaraua ikusi besterik ez dago: ez da gauza gehiago kabitzen: jubilatuen miss eta misterra, rock gaua, DJak, bazkariak, haurrentzako jolasak… Adin guztietarako egitarau zabala dago!».
Txanpontxo pertsonaia da kanpotik arreta deitzen duen gauzetako bat. Bidebidetako baserri historiko bati egiten dio erreferentzia: Moneda baserriari, alegia. Itxuraz, salerosketak egiteko erabiltzen zen baserri hura, eta hortik izena. Euskarara ekarri, eta Txanpontxo —bereziki— haurren artean «oso maitatua den» pertsonaia bihurtu dela azaldu digu. «Zergatik? Txanpontxoren jaitsieran, txokolatezko txanponak eta goxokiak banatzen dituelako haurren artean».
Horregatik, akaso, helduei ere gustatzen zaie pertsonaiaren rola jokatzea: «Auzokideen artean galdetzen dugu ea nor dagoen prest. Oraingoan hiru lagunen artean erabaki behar izan dugu». Aurten, gainera, egiteko berezi bat izango du: lehen aldiz, jaien itxieran ere agertuko da Txanpontxo. Ea jaien hasieran bezain fresko topatzen dugun!
Laguntzaileei eskerrak
Laguntzaile, boluntario, taberna eta elkarteei eskerrak eman nahi izan dizkie Cruzek. «Izugarri laguntzen digute, bai egitaraua osatzen, eta baita bestelakoekin ere. Herri bazkariak, esaterako, auzoko elkarteetan kozinatzen ditugu, bestela ezinezkoa zatekeen».
Honela, aurten egun bat gehiagoz gozatzeko aukera izango dute Bidebietan, asteazkenean, Porrotx eta Marimototsen bisita edukiko baitute haurrek: «Jendeari animatzeko deia egiten diogu, eta txosnan tragoren bat hartzeko… hurrengo urterako dirua lortu behar dugula eta!».