Janen ibilbidea osatuz, Martutene ezagutu dute herritarrek
Munduko hainbat hiritan egin moduan, maiatzeko lehen egunetan Donostian Janen ibilbidea antolatu dute aurten ere. 2012an ekin zion Impac Hub elkarteak, eta jada, Egian, Parte Zaharrean, Loiolan, Amaran, Altzan, Grosen, Añorgan, Amara Berrin, Intxaurrondon, Bidebietan eta Ibaetan aurrera eraman dituzte osterak. Gaur, Martuteneren txanda izan da.

Renfeko geltokiaren parean zain zeuden parte hartzaileak ordua baino lehen. Hirurogei bat lagun ziren, baina bidean multzoa aldatzen joan da eta ehunen bueltan izan dira azkenerako. Lau ordutan osatzeko ibilbidea eta aurreikusitako geldiuneak markatuta zituen orriak banatu dituzte, baina antolaketan parte hartu duten elkarteei buruzkoak ere. Oraingoan, Altzako Historia Mintegiak, Ahiku elkarteak, Sarroeta auzo elkarteak eta Nerea Lizarralde kazetariak antolatu dute elkarlanean. Hain zuzen ere, azkena izan da hitza hartzen lehena. Bertaratutakoa agurtu, eta egitasmoari buruzko zenbait zertzelada eman ditu.
Hasteko, Jane Jacobs (Scranton, Pensilvania, AEB, 1916—Toronto, Kanada, 2006) hirigile feminista eta aktibista soziopolitikoa nor izan zen azaldu du, baita zergatik haren jaiotzearen urtemugaren bueltan munduko hainbat hiritan Janen ibilbideak antolatzen diren ere. “Erreferente bat da, 1950eko hamarkadan hiriei begiratzeko beste modu bat proposatu zuelako”. Zehazki, The Great Death and Life of American Cities (1961) bere lan ezagunean, AEBtako hirigintza planak kritikatu zituen, espazio publikoak arriskuan jartzen zituelako. Horren aurrean, defendatu zituen “hiri bizigarriagoak, lehen ilaran pertsonak egongo zirenak”. Eta hori egiteko modua, hain zuzen ere, kaleetan gertatzen dena eta kale horietan gertatu zena ezagutzea da. Alegia, partaideek bizilagunen laguntzarekin egin dutena.
Auzotarren festak eta dirudunen aisia
Abiapuntutik oso gertu, Koro Gonzalez Galarragak Miguel Galarraga Mancisidor aitonari buruz hitz egin du. Zumaiako baserritik Donostiara etorri zen eta hiriko etxe garrantzitsu bateko lorezain aritu zen. Ramona sukaldariarekin ezkondu, eta 1919an, ibai ertzean zegoen Bar Estanco erosi zuten. Ibilbidearen norabidea hartu aurretik, Apostolutzaz ere aritu da. Moja komentua, neskatxen eskola izan zen eta bertan ikasi zuten “beren lehendabiziko letra” amak eta izebek, “Estancoko denek”, eta “ez hori bakarrik, baita pianoa ere”. Behin baino gehiagotan egin diote aipamena bidean Estancori, eta nabarmendu dute, ondare historiko gisa izendatua dagoela. Horri esker, bota eta zerbait berria eraikitzeko erosi nahi izan dutenei udalak ez die utzi. Ez zen gauza bera gertatu parean zegoen Almandoz doktorearen jauregiarekin…
Ibaiertzerantz egin dute, taberna hura zegoen ingurura, auzoari izena ematen dion Martutene etxera. Han, Altza Historia Mintegiko Iñigo Landak azaldu du bere erakundearen parte hartzea. “1936ko gerra bukatu arte, Urumea ibaiaren eskuineko aldea Altza zen, Erdi Arotik. Altzako azken alkate demokratikoa Sarroetakoa zen: Pedro Aiesta”. Mugez eta ibaiaz mintzatu da, besteak beste, ur haietatik Hernaniko oholak ekartzen zituztela Sarroetara, eta handik, Herrerara heltzen zirela, Lauaizetatik.
Gune horretan festa oso ezagunak egiten zirela gogoratu du Joxe Yaben bizilagunak, “onenetakoak”, “denok zain egoten ginen ea noiz iritsiko zen iraila festetarako”. Bidean aurrera eginez, lehenik, Kursaal, gero, Campos Eliseos eta azkenik Agustinos egon zen. XX. mende hasieran, hirira etortzen zen jende dirudunentzat sortutako aisia gunea zen. Izan ere, halakoa jartzeko Martutene leku aproposa zen: berdea, baserri gutxi batzuekin, tranbia izatearen abantaila zuen eta ibaia nabigagarria zen.
Horrez gain, ibaiaren beste aldean, zezen plaza bat ere altxa zuten. Kristalezko estaldura zuen eta 4.000 lagunentzat lekua. Diotenez, haren inauguraziora Berlingo Orkestra Filarmonikoak joan zen, inguruan oporretan baitzegoen. Boxeo borrokak ere egin zituzten, eta itxi zutenean, haren harriak auzoko zenbait etxe eraikitzeko baliatu zituzten.
Pilar auzunea
Zazpi etxebizitza eta etxe bat dira. Abarzuza aita kaputxinoaren ekimenez egin ziren “pobreentzako etxebizitzak”, Yabenen esanetan. Garai hartan bi etxe besterik ez zeuden: Villa Belen eta Erasmonea, “ez zegoen besterik, dena mendia eta zuloa zen”. Bi dorre egin zituzten geroago, ikastola egiteko lurren truke; eta 1967an oraintsu bota duten gasolindegia. 20 etxebizitza egingo dituzte orube horretan eta horrek inguruari “goxotasuna” emango diola uste du.
Yaben Berastegiko baserria utzita, 8-9 urterekin etorri zen Martutenera. Sei-zortzi familia bizi ziren orduan, langileak. Gerora, gunean gehienak kanpotarrak ziren, kalean gazteleraz entzutean ulertzen ez zituela gogoratu du eta gurasoei esker oraindik ere “euskara zaharra” duela. Bizimodua gogorra zela dio, uholdeengatik nagusiki. “Sei uholde pasatu ditut hemen, gogorrena 1953an. Gure etxetik suhiltzaileak etorri ziren eta kanpora eraman gintuzten Trinkete aldera, han trena hartu eta bakoitzak ahal zuena, askok ez zuten etxerik eta Zorroagan. Bi urte egon nintzen Hernanin bizitzen. Guretzat eta hemen bizi zen jende guztiarentzat oso gogorra izan zen”.
Behin eta berriz nabarmendu du, halaber, auzolanean lan asko egin zituztela, “udalaren zain egon behar bagenuen…”. Norbaitek zerbait eskatzen bazuen, jende pila agertzen zela. Esaterako, Tranbia ibilbideko errepidea hala burutu zuten.
Etxarriene liburutegiko fatxada aurrean beste geldiune bat inprobisatu dute, bertako grafitiko irudia Yaben bera ote den ala ez eztabaidatzeko. Hala baitio auzoan zabaldutako usteak. Ez da, ordea. Adineko emakumezko bat, langilea, egiteko eskatu zioten Maria Capdevillari, baina, dirudienez, norbaiten antzekoa atera zitzaion. Horrek aukera eman die eremuan dauden beste grafitietako batzuez ere hitz egiteko. Partaideetako askok, ordea, ez dituzte horiei buruzkoak entzun, Astigarragarantz doan bidegorrirantz joanak baitziren, ustez, hurrengo elkargunea Gartziategi-Lizeaga sagardotegien atarian zelako. Izan ere, Janen ibilbidea bakarra eta asko dira, aldi berean. Zehazten da bide-orria, geldiuneak, hizlariak… baina urratsak egin ahala, beste kontakizunak, solasaldiak eta bideak sortzen dira.
Etxeetako ondarea
Sagardotegietara heldu aurretik, ezkerrera desbideratu dira Astarbe Enea, Marijoandegi eta Etxarri-Ene etxeek sortzen duten txokoan. Astarbe Enea dena Marijoandegi zen lehen, eta hari lehen aipamean 1575eko testamentu batean aurkitu dutela adierazi du Malu Adurizek. Bertan, Miguel Okendo eta haren emazte Maria de Zarategiri utzi zioten baserria. Geroago, Maria Elena Larreaundi eta Jose Marcial Etxarriri lotuta egon zen. Oinordekorik ez zuten izan, 1859 bere ilobari utzi zion Larreaundik. Hiru etxebizitzen eta jabeei buruzko zenbait datu eman ditu Adurizek, besteak beste, ustez, Etxarri-Ene ere zezen plazako harriekin egina dela. Etxe horretakoa omen zen Trini Etxarri, 1974-1977 urte artean Donostiako alkate izandako Francisco Lasa Etxarriren ama.
Ondoren, bai, Astigarragarako norakoan jarraitu dute. Han, Jon Urbieta Sorraranek auzoaren mugei heldu die lehenik. “Okendotegi auzoaren beste aldea zen, hau da Donostiako muga eta ibaiaren beste aldekoa Amara da”. Gero, berriz, txalaparta eta sagardoaren arteko loturari. Jatorria ezezaguna badu ere, txalapartaren transmisioak hiru familia dolarerekin lotura omen du: Zuaznabar familiaren Lasarteko Sasoeta baserrikoa, Goikoetxea familiaren Erbetegi Etxeberri, eta jada ez dagoen Biltandegi. Azken horretara, 1960ko hamarkadan Suediako telebista etorri zen dolarean txalaparta nola jotzen zuten grabatzera. “Auto istripuan hil ziren eta galdu zen txalaparta”. Sagardo lanen amaierak ospatzeko gaupasak eta baserri haietan ikasi zuten txalapartariak ere aipatu ditu Urbietak.
Olatu berdea
Hangoak entzunda, Antondegi bidean jarri dira. Gutxika kotxeak eta errepideko zarata isiltzen joan da eta ingurune lasaiagora sartu dira sagastien bazterretik joanda. Hegan zebiltzan miruak ikusi dituzte eta batzuek itzal faltak penatu ditu, egun eguzkitsu eta epela izanik, aldapa goran bero gehiegi nabaritu baitute. Itsasoa eta hiriaren zenbait adierazgarri ikusten diren lekuan gelditu dira. Etxebizitza eta olatu artifizial baten kokaleku izan zitekeenean, Surfrider fundazioko Mariak bertan egin nahi izan dutenaz eta Antondegi berdea mugimenduaz hitz egin du.
Hainbat elkarte batu ziren proiektuaren aurka egiteko, lekua dagoen moduan babesteko. Itsasotik 3 kilometrora olatu artifizial baten beharraz eztabaidatzeaz gain, lehenik zer babestu nahi zuten aztertu zutela kontatu du. Horretarako, kamerak jarri zituzten, “inor ez dagoenean zer dagoen ikusteko” eta hainbat animalia atera ziren, miru eta hegaztiez gain.
Oraingoz proiektua bertan behera gelditu dela zehaztu badu ere, handik gertu errepide bat egin izanak kezka sortzen die partaideetako batzuei, hau da, erakundeek dirua dutenean halakoren bati helduko ote dioten. Olatuak egiten dituen enpresaz gain, Donostiako udalak ere bultzatu zuen olatu artifiziala egiteko ideia, “hemen zerbait egin nahi zutelako”; eta horren aurretik, hamarkadetan, etxeak izan ziren.
Ibaiaren pisua
Ibaiertzera bueltan, zubia gurutzatu dute eta araztegiaren aurreko bidetik segi. Ez denez zubiraino heltzen, atzeko kaletik joan dira. Ikastola izan zenaren aurrean, Villa Pilar-en, Adurizek ohartarazi du etxearen jabe izan zen eta Mediatekari izena ematen dion Bittor Amundarainek kultur jardunerako balia zedin utzi zuela, baina, egun, etxe pribatua dela. Euskaltzaindiari eskaini ez al zioten galdetuta, baietz erantzun du, baina “ez zuen nahi izan”.
Azken geltokia, abiapuntua baino aurreraxeago eta zubiaren beste aldean izan da. Jose Ramon Lasarte zain zuten, alabak lagunduta. Bere etxea zena, Biyak bat, bota egin zuten uholdeak saihesteko ibaia zabaldu zutenean. Haren gisako leihoak dituen Villa Mariarenak izan ditu hizpide, 1928an itxi zuten zezen plazaren leihoen egiturekin eginak baitira.
Ibaiari lotutako hiru pasadizo ere kontatu ditu. Lehena, Peñaflorida kaletik irten eta Hernanira zihoan tranbia harrobira eraman zuen ibaiak uholdeetako batean, 1953koan, ziur aski. Hori baliatuta esan du bere aita tranbian kobratzailea zela. Bigarrena, Jose Almandoz Ezponda medikua erditzen ari zen emakume bat artatzetik bueltan, taxista konfunditu, eta zubitik behera erorita hil ziren. Eta azkena, bere etxearen parekotik, Bar Estancotik, munduko txapelduna zen Polentzi Gezala entzuten zuela, urak egiten duen hedatzeari esker.
Horiek eta beste asko entzunda, amaitu dute Janen bidea azken elkargune batera joateko: Trinketeko taberna.















































