BCCren eraikin berriaren lanak «aldi baterako gelditzea» eskatu dute Manteoko bizilagunek
Donostiako Udaleko alderdi politiko guztiei gutun bat helarazi diete Gros eta Ulia artean dagoen auzunean gabeziak azaltzeko.

Manteo kaleko bizilagunak “kezkatuta” daude Basque Culinary Centerren Gastronomy Open Ecosystem (GOe) eraikin berriak ekarriko dituen aldaketekin. “Eragin handia izango dute gure egunerokotasunean, maila pertsonalean eta ekonomikoan, eta Bera Berak klubak kudeatzen duen Manteo udal kiroldegian”, nabarmendu dute.
Hori dela eta, Donostiako Udaleko alderdi politikoei eskaera batzuk egin dizkiete gutun baten bidez. “Badakigu GOe-ren hirigintza plana martxan eta fase aurreratuan dagoela. Badakigu proiektu honek auzoari eta hiriari alderdi positiboak ekarriko dizkiola, baina egia da funtsezko beste alderdi batzuetan ere mugatu gaituela”, azaldu dute bizilagunek.
Inguruko mugikortasuna “errotik” aldatuko dela diote. “Irisgarritasun integrala eta unibertsala bermatuko duten alternatibak proposatu nahi ditugu, bai leku honetan bizi garen bizilagunentzat, bai bisitatzen gaituzten pertsonentzat. Hori dela eta, udal honetako kide guztiei eskatzen diegu gai honi buruzko hausnarketa sakona egin dezatela”, adierazi dute.
Eskaera zehatzak
Manteon “oinezkoen sarbideari eustea” eta motordun ibilgailuentzat zein bizikletentzat “igoera eta jaitsiera irisgarria bermatzea” nahi dute bizilagunek. Hori dela eta, BCCren eraikin berriaren obrak “aldi baterako gelditzea” eskatu dute. Are gehiago, udal batzordeetan hiru hilabeteko “moratoria” bat onartzea nahi dute bizilagunek: “Epe horretan, eremu horretako mugikortasunaren eta irisgarritasunaren gaia elkarrekin birplanteatu ahal izango genuke, behin betiko adostasuna lortzeko erakundeen eta herritarren artean”.
Ostiralean, hilaren 9an, izango dira udaleko batzordeak, eta horietan alderdi batek beraien eskaera aurkeztea eskatu dute. Udaleko bost alderdien zerrenda “alfabetiko” bat osatu dute, ordena bati jarraituz haien moratoria eskaera aurkeztu dezaten. Osaturiko zerrenda horretan, EH Bildu da lehen alderdia, eta hari zuzendu diote eskaera: “Manteo auzoko irisgarritasuna modu integral eta unibertsalean berrikusteko hiru hilabeteko moratoria baten proposamena aurkeztea dagokie batzordean”.