Polloeko mausoleoan elkarretaratuko da CNT, «egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzeko»

Gipuzkoako CNT sindikatu anarkistak elkarretaratzera deitu du larunbat honetarako (hilak 10), ofizialki esanahia aldatuta duen Polloe hilerriko mausoleo frankistan, 12:00etan. Bertan lurperatuta dauden miliziano antifrankisten aldeko “egia, justizia eta erreparazioa” aldarrikatuko dute, baita gurutzea bota dezatela aldarrikatu ere.
Izan ere, CNTk iazko irailean eskatu zion Donostiako Udalari gurutzea bota zezala, modu ofizialean: “Gure kideak Polloeko mausoleoan borreroen ondoan ehortzirik daude, faxistek halaxe nahi izan zutelako. Faxistak uniformeak jantzirik eta dominak jarririk txukun ehortzirik daude, eta milizianoak hezurrek osatutako itxurarik gabeko multzo batean daude”. EH Bilduk eskaera hori babestu zuen orduan. Orain, CNTko kideek hedabide honi azaldu diotenez, bide judiziala abiatuko dute eskaera horrekin, eta, behar izanez gero, “Estrasburgoraino” iritsiko direla ziurtatu dute.
Sindikatuko kideek azaldu dutenez, “Donostiako herriari” irekitako deialdia da larunbatekoa, miliziano anarkistak ez ezik, beste ideologia batzuetako miliziano antifrankistak ere bertan lurperatuta baitaude. Hain zuzen ere, bertan lurperatutako hamazazpi borrokalari antifrankistaren gorpuzkiak identifikatu zituen Aranzadi Zientzia Elkarteak 2022an, baina askoz gorpu gehiago daude bertan, identifikatu gabe. Hamazazpi horietatik, lau CNTkoak ziren: Narciso de Santos Herrero, Marcos Gallaralde Elejalde, Alvaro Pascual Izurza eta Eusebio Serrano Alvarez.
Esanahi aldaketa
Polloeko mausoleoko esanahia 2023an aldatu zuten erakundeek, han urte luzez ikusgai egon zen plaka frankista kenduz eta bertan hainbat frankistekin lurperatuta dauden borrokalari errepublikanoak omenduz. Martirien Mausoleoa izan zen ordura arte gunearen izena, frankistek jarritakoa, eta A la memoria de los asesinados por defender sus ideales, de Dios y España. Una oración por sus almas –Espainiaren, Jainkoaren eta beren idealak defendatzeagatik hildakoen oroimenez. Otoitz bat haien arimengatik– zioen plaka bat zuen jarrita. Esanahi aldaketa, aldiz, “oso motz” gelditzen da, CNTren aburuz.
Iñaki Egaña Euskal Memoria Fundazioko historialari eta hedabide honetako kolaboratzailea izan zen mausoleoa aztertzen lehena: “Duela 30 bat urte, 36ko gerra Euskal Herrian eta Donostian nolakoa izan zen aztertu nuen. Horrela, garai hura bizi zuten herritar batzuen testigantzei esker, jakin nuen mausoleoan errepublikano batzuk lurperatu zituztela, eta pare bat aldiz idatzi nuen horri buruz”, azaldu zion hedabide honi, 2022an, mausoleoari buruzko erreportaje batean.
2021era arte, aldiz, ez zen esku hartzerik izan mausoleoan. Urte hartan, EH Bilduko zinegotzi Markel Ormazabalek mausoleoari buruzko iradokizun bat aurkeztu zuen Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Batzordean, Egañaren ikerketak eta Itsaso Bikuña Dinamita Tourreko kideak IRUTXULOKO HITZAn 2021eko azaroan argitaratutako iritzi artikulu bat aipatuz —aurretik, 2020an, mausoleoari buruzko erreportaje laburra argitaratu zuen hedabide honek—. Iradokizun haren harira, Aranzadiri ikerketa egiteko eskatu zion udalak, ikerketa horren bidez identifikatu zituzten aipaturiko hamazazpi milizianoak eta horren ondoren etorri zen esanahi aldaketa.