Donostian izango da hirugarren eta azken etapa erabakigarria
Emakumezkoen Euskal Herriko Itzulia maiatzaren 16tik 18ra jokatuko da, eta hemeretzi taldek parte hartuko dute.

Gaur goizean egin dute Emakumezkoen Euskal Herriko Itzuliaren aurkezpena, Donostiako Udaletxean. Hilaren 16an Zumarragatik abiatuko da lasterketa, eta Donostian bukatuko da hilaren 18an. Hain zuzen ere, hirugarren eta azken etapa erabakigarria izango da. Guztira, hemeretzi taldek parte hartuko dute, eta, horietatik, hamalau dira World Tour mailakoak.
Menditsua izango da aurtengo Itzulia, hamar mendate puntuagarri egongo direlako: lehen mailako bat, bigarren mailako hiru eta hirugarren mailako sei. Etapen nondik norakoak eta informazioa jakinarazi dute gaur goizeko aurkezpenean.
Lehen etapa, hilaren 16an izango da Zumarraga eta Agurain artean. Luzeena izango da, eta txirrindulariek 148,5 kilometroko ibilbidea bete beharko dute. Bigarren etapa, berriz, hilaren 17an jokatuko da Ugao-Miraballes eta Igorre artean. 116 kilometro baino ez ditu izango, baina nahiko aldapatsua eta urduria izango da. Hirugarren eta azken etapa izango da Donostian hasi eta bukatuko dena, hilaren 18an. Laburrena izango da, 112,6 kilometrokoa, eta ibilbidea Donostiako Klasikoaren antzekoa izango da. Lezotik Jaizkibelera igoko dira ziklistak, eta, ondoren, Oriotik Mendizorrotzera igoko dira Donostiako helmugara abiatu aurretik.