Mariaren Bihotzari 36,5 milioi euroko prezioa jarri diote
Groseko eraikina saltzeko iragarkia bi egunez egon da 'Idealista' atarian, baina gaur goizean erretiratu dute.

Luxuzko hotel bihurtzeko lizentzia du Groseko Mariaren Bihotza eraikinak. Donostiako Udal Gobernuak 2021ean onartu zuen Bi Berri Donosti enpresak eraikina birkalifikatzeko aurkezturiko plan berezia. Horrela, hirugarren sektoreko erabilera eman zioten eraikinari. Izan ere, klaretarrek 2020ko abuztuaren 31n itxi zuten parrokia, salgai jartzeko. Claret ikastola, berriz, 2019ko ekainaren 28an itxi zuten. Ordutik, eraikina egokitzen eta berritzen aritu dira etorkizunean luxuzko hotel izateko.
Idealista atariak duela bi egun Mariaren Bihotza saltzeko iragarkia zabaldu zuen, eta orduan jakin ahal izan zen eraikinaren jabeek 36,5 milioi euro prezioa jarri diotela. Ordea, gaur goizean erretiratu dute iragarkia, argitu gabe erosleren bat topatu duten edo ez.
Bi Berri Donosti enpresak aurkeztu zuen proiektuak teilatupean 330 metro koadroko beste solairu bat eraikitzeko asmoa jasotzen du, eta, horretarako, elizarekin bat egiten ez duen teilatupeko zatia egokituko lukete. Eraikinak B mailako babesa du Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian (EHOBPB), eta, beraz, enpresak proiektuan zehaztu du eraikuntza bera mantendu egingo dutela, baita elizaren zatia eta barruko elementu guztiak bere horretan mantendu ere.
Ramon Cortazar arkitektoak 1926an diseinatutako eraikinak 1.500 metro karratuko azalera du, eta altuera aintzat hartuta, 5.000 metro koadroko espazioa du. Proiektuan, aipatu solairuaz gain, 70 aparkaleku egitea aurreikusten da; EHOBPB-ak ez du baimentzen elizaren azpian egitea, beraz, ez da aurreikusten lur azpian beste solairurik eraikitzea, lursailaren ondoan egitea baizik. Era berean, bizikletentzako 50 aparkaleku ere aurreikusten ditu proiektuak.