Anne Erauskinek 2027ra arte berritu du Bera Berarekin
Denboraldi honetan 43 partida jokatu ditu —bakarra galdu du—, eta, orain arte, 73 gol egin ditu.

Donostiako Bera Bera eskubaloi taldean jarraitu nahi du Anne Erauskinek. Eskuin hegaleko jokalari ermuarrak 2027ra arte berritu du kontratua. Hau da, beste bi denboralditarako, eta, beraz, bost sasoi beteko ditu talde donostiarrarekin.
Erauskin “pozik” agertu da kontratua berritu izanarekin: “Bera Berara etorri nintzen beti dagoelako titulu guztien lehian. Iaz hiru tituluak lortu genituen, eta aurten bide horretan gabiltza”. Horrekin batera, Europako erronkari begira jarri da. “Europan hazi gaitezke, eta gehiago lor genezake”, nabarmendu du.
Denboraldi honetan 43 partida jokatu ditu Bera Berarekin —bakarra galdu du—, eta, orain arte, 73 gol egin ditu.