EH Bilduk proposamen «egingarri eta berritzaileak» garatu ditu, Donostiako etxebizitza larrialdi erantzun eman asmoz

Hiriko arazorik “larrienari” aurre egiteko urgentzia dagoela aldarrikatu du Donostiako EH Bilduk. “Prezioak gora eta soldatak behera doaz etengabe”, inoizko garestiena da gaur egun etxebizitza eskuratzea Juan Karlos Izagirreren ustez. Horregatik, arazoari aurre egiteko neurri berritzaileak proposatu ditu, udalbatzan eztabaidatu daitezen. Izan ere, “azken urteetan egindakoak ez dio egoerari bueltarik eman eta planteamendu berriak behar dira”.
Izagirrek ziurtatu du Udal Gobernuko alderdiek bat egiten dutela bertan aurkezten dituzten proposamenekin, eta, beraz, badagoela gehiengo instituzionala Aldundian, Jaurlaritzan eta Espainiako Gobernuan, neurri hauei bide emateko.
Egingarriak diren proposamenak
EH Bilduk “egingarriak” diren hainbat proposamen aurkeztu dituzte, erroko arazoa aldatuko ez badute ere, egoera “nabarmen” aldatuko luketen neurriekin. Izagirrek azpimarratu du “bi arlotan” egin behar direla aldaketak: “Etxebizitza gehiago egin, eta, eraikitakoaren gainean eragin”.
Honela, eraikitakoaren gainean, “benetan berritzaileak” diren proposamenak aurkeztu ditu koalizioak: hala nola, etxe hutsei kanona aplikatzea, etxebizitza tursitikoen baimenak iraungitzea, lehenengo solairuetan eta hurrengoetan dauden jarduera ekonomikoak beheko solairuetara bideratzeko laguntzak eskaintzea, eta alokairuen gehiegizko prezioa mugatzea, besteak beste.
Lehenengo solairuetan dauden jarduera ekonomikoak, bulego gisa erabiltzen diren etxebizitzak dira, adibidez, psikologo edo arkitektura kabineteak. Horiek “kalera” jaitsiko balira, lokal huts mordoa okupatuko litzake, eta etxebizitzak “beren funtzioa” betetzera bideratuko lirateke. Azaldu dutenez, Errenterian diru laguntzen bidez ari dira ildo hau garatzen.
Etxebizitxa berriei dagokionez
Denetara, 21 neurri aurkeztuko ditu EH Bilduk udalean egingo den gai monografikoan. Helburu nagusia etxebiztza babestuen portzentaiak “maximoetara” igotzea da. Horretarako, eraikuntza enpresak gehiago kontrolatu behar direla uste du koalizioak: “Etxebizitza libreak egiten dituzte lehenengo, eta ondoren, babestuak. Zergatik ez alderantziz?”.
Azaldu dutenez, askotan, eraikuntza enpresentzat “bideragarria” ez delako ez da %40ko babestutako langa gainditzen. Ordea, EH Bilduko kideek salatu dutenez, askotan aurreikusitakoaren “oso gainetik” jartzen dituzte prezioak. Kasu horietan, udalak kontrolatu eta esku hartu beharko lukeela proposatu dute.
Adibide bat jarri dute. Añorgan eraikitzekoak diren etxebizitzak 400.000 euroan salduko dituzten proiektua aurkeztu zuten udalean. Etxe horiek, oraindik eraiki gabe badaude ere, 800.000 euroan saltzen hasi direla jakin arazi dute. Honela, udalak proiektua kontrolatzea eskatu, eta egoera erregulatzeko bi proposamen egin dituzte: batetik, itunpean adostea amaierako prezioa, eta, bestetik, aurkeztutako proiektuarekin aldaketarik balego, likidazio sistema bat ezartzea. Honela, enpresen irabazi margena eta herritarren beharrak modu jasangarrian orekatzea espero du EH Bilduk.
Tentsio handiko eremu
Tentsio handiko eremu izendatuko da hiria, ziurrenik, ekainean. Ordea, EH Bilduko kideak ez dira sobera itxaropentsuak, izan ere, Gipuzkoako Aldundiak ez du oraindik alokairuen prezioen indizea ezarri, eta hori, ezinbesteko baldintza da norabide horietan neurriak hartu ahal izateko.
Uste dutenez, jabego handiei eragingo die, batez ere hemendik eratorri daitezkeen neurri asko. Jabego handien presentzia “errealitate bat” da Donostian EH Bilduren ustez: “Babestutako kalifikazioa galdu duten etxebizitzak erosten aritu dira, edo irabazteko helburu hutsez etxebizitza libreak erosten; kasu guztietan, donostiarren gehiengoarentzat etxebizitza eskuratzeko ezintasunaren maila handituz”.
Erakunde publikoenak zenbatu gabe, Donostian 5.073 etxebizitza daude jabego handien eskuetan: 1.981 pertsona juridiko pribatuenak, 2.811 pertsona fisikoenak eta 281 kasutan ez da bere izaera juridikoa ezagutzen.
Edonola ere, EH Bilduk uste du proposatuko dituen neurriak egingarriak direla, eta, akordioetara heltzeko aukerak badirela uste du. Egoerak “okerrera” egin izanak “behartu” egiten ditu politikariak “egindakoaz gogoeta egitera eta praktika politiko berriak planteatzera, erabaki berriak hartzera”.