Lau goleko abantaila du Bera Berak
Granollers menderatu dute donostiarrek ligako titulurako final-laurdenetako joaneko partidan (30-34).

Garaipenen bolada onari jarraipena eman dio Bera Bera eskubaloi taldeak, momentu erabakigarrienean. Izan ere, emakumezkoen ohorezko mailako liga dute jokoan. Titulurako final-laurdenetako joanekoa jokatu zuten atzo, Granollersen pistan, eta lau goleko aldearekin irabazi zuten (30-34).
Neurketa lehiatua izan zen, baina Bera Berak ez zion utzi etxeko taldeari markagailuan aurretik jartzen. Are gehiago, donostiarrak izan ziren hainbatetan aurretik, baina Granollersek lau aldiz berdindu zuen norgehiagoka. Atsedenaldira bi goleko abantailarekin iritsi zen Bera Bera, baina azken minutuetan kataluniarrek berdintzea lortu zuten (29-29). Hortik aurrera, donostiarrek buruarekin jokatu, partida kontrolatu eta irabaztea lortu zuten. Ogonovszky eta Karsten izan ziren Bera Berako golegile nagusiak, bakoitza zazpi golekin.
Final-laurdenetako itzulerakoa larunbatean, hilaren 10ean, izango da Gaska kiroldegian (18:30).